Kontseiluak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Lanbide Heziketan eta goi mailako ikasketetan euskaraz ikasteko benetako bermeak ezartzea
Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Lanbide Heziketan eta goi mailako ikasketetan euskaraz ikasteko aukera errealak bermatzeko neurri eraginkorrak har ditzala.
2025eko aurrekontu akordioan jasotakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak Lanbide Heziketako eskaintza handitzeko konpromisoa hartu zuen, besteak beste, euskaraz eskaini daitezkeen prestakuntza-zikloen eta derrigorrezko hezkuntza euskaraz egin duten ikasleen eskariaren analisia eginez. Horretarako, aurreinskripzio prozesuan galdetegi bat txertatu zen, ikasleei euskaraz ikasteko asmoa zuten ala ez adierazteko aukera emanez.
Bildutako datuen arabera, 800dik gora ikaslek adierazi zuten euskaraz ikasteko borondatea, eta gazteleraz ikastera behartuak izan dira. Errealitate honek agerian uzten du gaur egun Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza oso mugatua dela, eta, ondorioz, ikasle askok ezin dituztela beren ikasketak euskaraz jarraitu, borondatea izan arren. Egoera honek agerian uzten du ez daudela bermatuta hizkuntza hautu hori gauzatzeko baldintzak.
Testuinguru horretan, Kontseiluak honako eskaera zehatzak egiten dizkio Nafarroako Gobernuari:
- Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza modu planifikatu eta progresiboan zabaltzea eta lurralde osoan aukera bermatzea.
- Euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiei aukera hori bermatzeko neurriak ezartzea, eskaintza faltak hautua baldintza ez dezan.
- Euskarazko ibilbide osoak garatzea, oinarrizko mailatik goi mailako zikloetara arteko jarraipena ziurtatuz.
- Irakasle, baliabide eta azpiegitura egokiak planifikatzea, euskarazko eskaintzaren kalitatea eta iraunkortasuna bermatzeko.
Halaber, Kontseiluak Nafarroako Parlamentuari dei egiten dio euskarazko eskariaren inguruko datuak biltzen eta aztertzen jarrai dezan, bai Lanbide Heziketan bai unibertsitate mailan.
Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kasuan, oraindik ez da modu sistematikoan aztertu ikasleen hizkuntza hautua. Hori dela eta, premiazkoa da informazio hori jasotzea eta, aldi berean, unibertsitateko eskaintza akademiko osoa euskaraz egiteko aukera bermatzeko urratsak ematea.
Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez, euskaraz ikasteko aukera ez da soilik eskariaren ondorio, eskaintza egoki baten emaitza ere bada: eskaintza dagoenean, eskaria ere handitzen da. Horregatik, hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko, ezinbestekoa da administrazioak lidergoa hartzea eta neurri ausartak abian jartzea.