
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak Merezimenduen Dekretuaren gabeziak azaleratu ditu
Pasa den astean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Merezimenduen Dekretua bezala ezaguna den 97/2024 foru dekretuaren harira emandako epaiaren berri izan genuen. ELA eta STEILAS sindikatuek aurkezturiko errekurtso bati esker, auzitegiak dekretuaren 4.1 eta 4.2 artikuluak baliogabetu ditu, lanpostu jakin batzuetarako ingelesa, frantsesa eta alemaniera bezalako atzerriko hizkuntzei puntuazio mugagabea ezartzeko aukera eskaintzen zutelako, euskararena mugatzen den bitartean.
Tamalez, sindikatuek aurkezturiko beste hainbat eskari ez ditu ontzat eman auzitegiak, hala nola, Nafarroako zerbitzu zentraletako lanpostu guztietan zein legeak ezarritako eremu “ez-euskaldunean” euskararen ezagutza baloratzearen ingurukoak, edota udalek lanpostuetan euskararen ezagutzaren balioa zehazteko autonomiaren gainekoak. Dena den, Kontseiluak ELA eta STEILASen ekinbidea txalotzen du, besteak beste, Merezimenduen Dekretuaren eta honek eragiten dituen eskubide urraketen inguruko eztabaida berriz mahaigaineratzea eragin duelako.
Kontseiluak gogorarazi du dekretu hau sententzia euskarafobo eta atzerakoi baten ondorio dela. Izan ere, 2019ko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 103/2017 foru dekretuko 31., 35. eta 39. artikuluak eta laugarren xedapen iragankorra baliogabetu zituen UGT eta AFAPNA sindikatuek jarritako helegite baten harira. Baliogabetutako eduki haiek euskararen ezagutza Nafarroa osoan eta lanpostu guztietan baloratzea ahalbidetzen zuten, esaterako, Osasunbidean edota nafar guztiei zerbitzuak eskaintzen dizkieten zerbitzu zentraletan.
Sententzia horrek eragindako hutsunea 5 urtez luzatu zen, zeintzuetan eremu “misto” eta “ez-euskalduneko” ehunka lanpostu publikotan alemana, frantsesa eta ingelesa bezalako atzerriko hizkuntzak meritu gisa baloratu dira –eta ematen du horrela jarraituko duela hainbat lanpostutan–, ez ordea euskara, Nafarroako berezko hizkuntza. Printzipioz, urteetako hutsune hori betetzera zetorren 97/2024 Foru Dekretua, baina edukiz erabat hustuta heldu zen, 2019ko sententziak baliogabetu gabeko hainbat alorretan ere atzera urratsak jasoz. Ondorioz, euskalgintzak eta eragile sozialek salaketa publikoa egin zuten dekretu horrek euskara eta euskaldunak mespretxatzen dituela salatuz eta Nafarroako Gobernuari nafar guztien eskubideak bermatzen lagunduko duen dekretu berri bat galdeginez.
Orain, baina, sententzia honek Merezimenduen Dekretuaren hainbat gabezia azaleratu ditu, ardatzekoak diren beste hainbat aitortu ez arren. Hala, Kontseiluak abagune hau baliatzera dei egiten die alderdi politikoei, dekretuaren berridazketa ez dadin azaleko edukien zuzenketara mugatu, eta nafar guztiei eskubide guztiak aitortuko dizkien aldaketaren bidean lehen mugarria jartzeko. “Aldaketaren Gobernua” euskararentzat ere hala izan dadin.
Izan ere, euskara larrialdi egoeran dago eta hau bereziki nabarmena da Nafarroari dagokionean. Esaterako, UEMAren eskariz Siadecok egindako arnasguneen 2036 urterako prospekzioaren arabera, hizkuntza politika eraginkorrik martxan jarri ezean, 1991tik hona egondako euskaldun kopuruaren hazkundea irauli, eta atzeraldi fase betean sartuko da kopuru erlatibo zein absolutuetan. Hau da, ezer aldatu ezean, indartze fase batetik desagertze fase batera pasatzeko arriskua dago.
Horregatik, Kontseiluak adierazi zu ez dela aski Merezimenduen Dekretua zuzentzea. Izan ere, 1982ko Foru Amejoramenduak ahalbidetzen duen eta 1986ko Euskararen Legeak (lehengo Vascuencearen Legea) ezartzen duen zonifikazio linguistikoan dago arazoaren muina, milaka eta milaka nafarren eskubideak sistematikoki urratzen dituena eta euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak behar dituen politikak ezinezko egiten dituena.
Ez soilik euskalgintzak, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak, bertako Adituen Batzordearen Ebaluazio Txostenek eta Europako Ministroek Kontseiluak berak, behin eta berriz eskatu diote Nafarroako Gobernuari zonifikazioak eragiten dituen mugekin amaitzeko. Izan ere, ofizialtasun ezaren ondorioak hizkuntza baten biziberritzean agerikoak dira. Esaterako, inkesta soziolinguistikoaren datuekin Gasteizen eta Iruñean euskarak izandako eboluzioa aztertuz gero. Euskararen ezagutzari dagokionez, errealitate paretsutik abiatu ziren bi hiriak: 1991n, % 8 Gasteizen eta % 6 Iruñean; orain, 2021eko datuen arabera, euskaldunak % 29 dira Gasteizen eta Iruñean % 12. Eta datozen urteetan are gehiago handituko da diferentzia, Gasteizko adingabeen % 79k baitaki euskaraz, eta Iruñekoen % 29k.
Nafarroak badu komunitate euskaldun eta euskaltzale zabala, lurraldearen luze-zabalean egunero-egunero lanean diharduen eragileen sare sendo bat ere. Baina euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzen jarraitzeko betebeharrari ez zaio errotik oratzen, dekretu honek argi uzten duen bezala. Hori gutxi balitz, Eusko Ikaskuntzak berriki publiko egindako emaitzen arabera, Nafarroako herritarren % 63k euskararen aldeko hizkuntza politikak babesten dituzte eta nafarren erdiak uste du administrazioak gehiago egin beharko lukeela alor horretan.
Beraz, Euskararen Legeak aurten 39 urte beteko dituela kontuan izanik, Kontseiluak lanketa berezitu bat jarriko du martxan, Foru Amejoramenduaren eztabaidan euskararen auzia eta zonifikazioaren amaiera erdigunean jarri asmoz. Abenduaren 15ean hasiko da, Iruñean, zonifikazioaren amaiera eskatzeko mobilizazio batekin, hilabete bereko 27an Bilbon gorpuztuko dena, 2026an zehar zabalduz, besteak beste, zonifikazioaren 39. urtemuga, azkena izan dadin eta euskarak behar duen Pizkunde Berria martxan jartzeko.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: