Europar Batasunak euskarari ofizialtasuna ukatzea erabaki duela salatu du Kontseiluak

2025ko maiatzaren 27a

Gaur, Europar Batasuneko Gai Orokorren Kontseiluak baztertu egin du euskara, katalana eta galiziera hizkuntza ofizial modura onartzeko proposamena bozkatzea. Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusiak, erabakia deitoratu eta hizkuntza gutxituen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiteko aukera galdu bat dela adierazi du. Hala, ofizialtasuna egikaritu arte lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du, eta dei egin die estatu, administrazio, alderdi politiko eta eragile guztiei esfortzuak biderkatu ditzaten.

Argudio eta presio politikoak arrazoi teknikoen atzean

Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, euskara, katalana eta galiziera ofizial egitearen aurka eman diren arrazoi “teknikoek” gehiago dute argudio eta oztopo politikotik egiazko ezintasunetatik baino. Besteak beste, politikaren funtsetako bat delako baliabide ekonomikoak eta bestelakoak nola bideratu eta nola banatu erabakitzea helburu egokiak lortzeko. Euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna aitortzea bide bat da Europako beste hizkuntza gutxituei ere aitortza bera egiteko. Funtsean, bide bat da herritarren berdintasunean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzeko. Balio horiei arrazoi “teknikoak” kontrajartzea hautu politiko bat da.

Horren adierazgarri argia dira Espainiako Alderdi Popularrak azken asteetan egindako adierazpen eta mugimendu politikoak, Europako eskuineko eta eskuin-muturreko gobernuei presioa eginez botazioa oztopa dezaten. Hala, alderdi honen jarrera euskarafoboa eta atzerakoia gogor salatu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak.

Izan ere, hiru hizkuntza gutxituen ofizialtasuna onartuko balitz, aurrerapauso garrantzitsua litzateke hauen normalizazio eta biziberritze prozesuan. Produktuen etiketak, sendagaien erabilera-orriak, edota hainbat jakinarazpen eta iragarki ofizial euskaraz ere egin beharra ahalbidetuko luke; Europako Komisiotik bideratzen diren hezkuntza eta kultura programa desberdinetan euskarazko proiektuak bultzatu ahalko lirateke, honen irakaskuntza bultzatuz, esaterako; edota administrazio eta erakunde desberdinen arteko harremana euskaraz izatea ahalbidetuko luke, bai Euskal Herri mailan, baita Europako Batasuneko erakunde desberdinekin ere.

Horrez gain, maila politikoan, euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarria indartuko litzateke, agerian utziz euskara oraindik ofiziala ez den eremuetako hainbat kontraesan. Esaterako, edozein herritar, erakunde zein enpresak euskaraz jardun ahalko lukeen Europako instituzioekin, baina ez ordea bere herriko udalarekin.

Gainera, Europak gero eta pisu handiagoa dauka hizkuntza politiketan. Dagoeneko 500 baino gehiago dira Europako Batasunean ofizialak diren hizkuntzak bultzatu eta indartzen dituzten erregelamendu eta zuzentarauak. Hala, ofizialtasun ezak, neurri horietatik eta etorriko direnetatik kanpo utziko luke euskara. Ondorio praktikoetan, euskarak duen estatusa balioa galduz doa egunez egun, “desofizializazio” prozesu bat eraginez.

Urgentziazko bestelako neurriak

Europa hizpide den honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak gogorarazi du euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak bermatzeko bestelako lehentasunezko neurri batzuk badirela, hauen eguneroko bizitzan eragin zuzena izango luketenak. Esaterako, Espainiako Estatuaren menpe dagoen justizia administrazioan euskararen erabilera baimentzeko Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea, edota martxan den oldarraldi judizialari etena jartzeko lege aldaketa bideratzea.

Ildo beretik, Europako Ministroen Kontseiluak Espainiar Estatuari eta Nafarroako Gobernuari behin baino gehiagotan agindu die Nafarroako zonifikazio linguistikoarekin amaitu eta euskararen ofizialtasuna eremu osora zabaltzeko, hori delako nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko modu bakarra.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!