Ikus-entzunezko Lege Orokorra eta Molac legea hizpide ELEN erakundearen Batzar Nagusian
Iaz ez bezala, ELEN-Hizkuntza Berdintasunaren Aldeko Sareak modu presentzialean egin du aurtengo Batzar Nagusia Santiago de Compostelan. Europako hizkuntza-gutxituen alde lan egiten duten eragileetako berrogeitik gora ordezkarik hartu dute parte, tartean, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. «Pozik gaude aurten Batzar Nagusiak izan duen arrakastarekin, bagenuen beharra berriz ere elkartzeko eta gure kezkak eta dena delakoak zuzenean elkarrekin partekatzeko» adierazi du Bilbaok.
Ikusentzunezko Lege Orokorra eta Molac Legea hizpide
Agenda betea izan dute ELEN erakundeko ordezkariek Batzar Nagusian. «Halere, bilkurari ekin aurretik, nazioarteko instituzioetako ordezkariak izan ditugu hizkuntzen egoera orokorrari buruzko ikuspegia partekatzeko» azaldu du Kontseiluko eledunak.
Horrela, Nazio Batuen Erakundeko Gutxiengoen Aferetarako Kontalari Fernand de Varennes eta Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Adituen Batzordeko lehendakari Vesna Crnic-Grotic izan dira, besteak beste, COVID-19ak hizkuntza gutxituetako hiztunengan eragindako ondorioak azaltzen.
Bestalde, jorratutako gaiei dagokienez, euskarari lotzen zaizkio bi azpimarratu behar dira: Ikus-entzunezko Lege Orokorra eta Molac legea. «Ikus-entzunezko Lege Orokorrean kezka dugu gurea bezalako hizkuntzek izango duten trataerari buruz, eta eredugarritzat jo dugu galiziarrek garatutako dinamika. Molac legearen inguruan Konstituzio Kontseiluak argitaratutako ebazpenari dagokionez, Nazio Batuen Erakundean urratsak egitea adostu da haurren eskubideen urraketak eragingo dituela salatzeko» adierazi du Bilbaok.
Halere, izan dira bestelako hizkuntza-komunitateen aferak ere hizpide, besteak beste, gaelikoaren krisia Eskozian, irlanderaren aldeko legea, etab.
Horretaz gain, ELEN erakundeko kideek bi lan-saio antolatu dituzte gai zehatzak jorratzeko: batetik, etorkizunean eratu nahi den partzuergoa Europan arriskuan dauden hizkuntzen babeserako; eta bestetik, bigarren etxeen edo turismo-etxeek hainbat hizkuntzaren normalizazio-prozesuan duten eraginari buruz. «Egia esan, turismo-etxeen kontua kezka handiz ari da bizitzen hainbat hizkuntza-komunitate gutxituan, eta horren bueltan, gure aldetik Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa tresnaren nondik norakoak azaldu ditugu, baliagarria izan daitekeelakoan» esan du.
Zuzendaritza-batzorde berria
Halaber, ELEN sareak zuzendaritza-batzorde berria hautatu du, bai eta lehendakari berria ere. Elin Haf Gruffyd-Jones galestarra izango da lehendakari berria. Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkariak zuzendaritza-batzordean jarraituko du lehendakariorde.
Pertsona ezaguna da Elin hizkuntza gutxituetako ikus-entzunezkoen eremuan, eta Kontseiluak ere hurbilekoa du, besteak beste, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren batzorde zientifikoko kide izan baitzen.
Paul Bilbao, A Mesako ohorezko kide
Azkenik, ELEN sarearen Batzar Nagusia aprobetxatuz eta ezusteko ekitaldi batean, Galiziako A Mesa pola Normalización Lingüística plataformak bere Ohorezko Bazkide izendatu du Paul Bilbao, hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideen alde egindako lanagatik. «Eskerrik asko urte guzti hauetan euskararen alde egindako lanagatik eta hizkuntz aniztasunaren defentsaren adibide izateagatik» adierazi dute A Mesaren twitterreko kontu ofizialetik.
Iruzkinik ez "Ikus-entzunezko Lege Orokorra eta Molac legea hizpide ELEN erakundearen Batzar Nagusian"