Kontseiluak zuhurtziaz hartu du euskara, katalana eta galiziera Europako Batasuneko hizkuntza ofizial egiteko proposamena
Aste honetan, Espainiako Diputatuen Kongresuko mahaia osatzeko negoziazioen baitan, hizkuntzen auziari lotutako hainbat elementuren berri izan dugu. Besteak beste, Espainiako Gorteetan euskara, katalana eta galiziera hitz egin ahal izatea eta Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak izan daitezen urratsak egitea. Horren harira, Kontseiluak bere balorazioa egin nahi du.
Kongresuan euskaraz egiteko neurriari dagokionez, Kontseiluaren iritziz, berandu datorren aurrerapauso txiki bat izango da, eragin erreala baino sinbolikoagoa duena. Ez dezagun ahaztu, euskaraz bizi nahi dugun herritarron eskubideak bermatzeko bestelako lehentasunezko neurri batzuk badirela, gure eguneroko bizitzan eragina izango luketenak: Estatuaren menpe dagoen justizia administrazioan euskararen erabilera baimentzeko Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea, edota azken aldian jasaten ari garen oldarraldi judizialari etena jarriko dioten neurriak hartzea, kasu.
Era berean, nabarmendu behar da, momentuz behintzat, Kongresuko mahaiko presidentearen borondatearen menpeko neurria dela, eta bai borondatea baita presidentea ere aldakorrak direla. Ikusteke dago nola egikaritzen den eta zein neurri hartzen diren gutxieneko demokratikoen baitako auzi honetan erabakia iraunkorra izan dadin.
Bestalde, euskara, katalana eta galiziera Europako Batasuneko hizkuntza ofizial egingo lituzkeen 1/1958 araudiaren aldaketa-proposamenaren balorazio positiboa egiten du Kontseiluak, beti ere, oraindik onartu ez den neurri bati dagokion zuhurtziaz. Izan ere, hau bai, euskal hiztunen egunerokoan eragin erreala izango lukeen neurri bat da, eta Kontseiluaren aldarrikapen historikoetako bat. Hala ere, ezer ospatu baino lehen, gogoratu behar da lehenik irailaren 19an Europako Kontseiluan aho batez onartu beharreko proposamena dela, eta orain arte ildo bereko proposamen guztiak hala onartu badira ere, ikusteke dagoela Batasuneko estatu kide desberdinek zein posizio hartuko duten. Bereziki zalantzazkoa da oraindik ofizialtasunik aitortu ez zaien hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetako ordezkarien jarrera, Frantziako Estatua kasu, aurrekari garrantzitsu bat ezarriko bailitzateke.
Baldin eta onartuko balitz, aurrerapauso bat litzateke euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan. Izan ere, produktuen etiketak, sendagaien prospektuak edota hainbat jakinarazpen eta iragarki ofizial euskaraz ere egin beharko lirateke. Baita Europako Komisiotik bideratzen diren hezkuntza eta kultura programa desberdinetan euskarazko proiektuak bultzatu ahalko lirateke, honen irakaskuntza bultzatuz, esaterako. Edota administrazio eta erakunde desberdinen arteko harremana euskaraz izatea ahalbidetuko luke, bai Euskal Herri mailan, baita Europako Batasuneko erakunde desberdinekin ere. Ondorioz, euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarria indartuko litzateke, agerian utziz euskara oraindik ofiziala ez den eremuetako hainbat kontraesan, ipar Euskal Herrian zein Nafarroa hegoaldeko udalerri gehienetan kasu, non, esaterako, edozein herritar, erakunde zein enpresa euskaraz harremanetan jarri ahalko litzatekeen Europar Batasuneko instituzioekin, baina ez ordea bere herriko udalarekin.
Amaitzeko, eta azken berriei dagokien garrantzia emanagatik ere, Kontseiluaren iritziz, egun jasaten ari garen euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa etetea izan behar da gure aldarri nagusi. Azken hilabeteetako epaiketek eta Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka emandako sententzian ikusi bezala, Euskal Herrian euskaraz bizi nahi duten herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuak izatetik urrun gaude oraindik.
Beraz, dei egiten diegu euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren aldeko herritar guztiei azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera.