Hizkuntzen auzia gobernu espainiarreko negoziaketen erdigunean jartzea eskatu dute
Uztailaren 25ean, Galiziako Nazio Egunarekin, Estatu espainiarreko hizkuntza gutxituen egungo egoerari eta normalizazioan aurrera egiteko egiten ari diren ekintzei buruzko mahai ingurua egin zen Santiago de Compostelan. O Festigal jaialdian txertatuta, galizieraren aldeko A Mesa pola Normalización Lingüística erakundeko presidenteorde eta Observatorio de Dereitos Linguísticoseko zuzendari Elsa Quintasek moderatu zuen eztabaidan izan ziren Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi ohia eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren sustatzailea, Marcos Maceira A Mesa pola Normalización Lingüísticako presidentea, eta, katalanaren aldeko mugimenduaren ordezkari gisa, Francesc Marco Plataforma per la Llenguako idazkaria eta Anna Oliver Acció Cultural del País Valenciáko presidentea.
Mahainguruak balio izan zuen hizkuntza eremu bakoitzeko egoeraren eta hizkuntza-politiken ikuspegitik bakoitzak besteari bere errealitatearen berri emateko, elkar ezagutzeko eta ezagutzak elkartrukatzeko. Bakoitzak berea eman arren, atera ziren amankomuneko egoera partekatu batzuk. Bereziki aipatu zuten berezko hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako Estatu espainiarraren oldarraldia, dimentsio anitzekoa, baina une honetan formarik indartsuena oldarraldi judizialean daukana. Erakunde guztiek kezka handia azaldu zuten oldarraldi judizialaren aurrean, normalizazioaren bidean oztopoak eta atzerapausoak eragiten ari delako.
Egoera hori izanik ere, hizlari guztiek bat egin zuten hauteskundeen osteko abagune politikoa hizkuntza auzia erdigunean jartzeko eta Estatuari gutxieneko bermeak eskatzeko baliatu behar dela azpimarratzeko. Zehazki, berezko hizkuntza gutxituen normalizazio eta biziberritze prozesuaren bidean aurrera egiteko behar diren politika publikoak egikaritu ahal izateko, bestelako jarrera eta politika batzuk bideratzea bermatuko dutenak. Horregatik, espainiako Gobernu berria eratzeko negoziazioek aukera ezin hobea ekarri dezakete hizkuntzen auzia erdigunean kokatzeko.
Zentzu horretan, aurreko legegintzaldian berezko hizkuntza gutxituetako eragileek legez besteko proposamen baten bueltan mahai gainean jarritako hainbat gutxieneko ekarri zituzten gogora. Hartara, ezinbestekotzat jo dute berezko hizkuntza gutxitu guztiek beraien lurralde guztietan ofizialtasuna izan dezatela; Estatuko administrazio periferikoan eta Justizia administrazioan iraulketa bat egotea, Europako Kontseilutik ere datorren eskaria ere baita; eta ikus-entzunezkoetan euskararen eta hizkuntza gutxituen presentzia handitzea, bereziki streaming bidezko nazioarteko plataformetan eta haurrei zuzendutako edukietan. Gobernu berriaren eraketan negoziaziorako gai edo elementu bihurtzeko eskatu diete eragileek hizkuntza gutxituen alde dauden alderdi politiko guztiei, «ezin da gertatu berriz ere, beste 4 urtez hizkuntza gutxituen eta beraz hizkuntza eskubideen afera negoziazioetatik kanpo gelditzea» adierazi zuten.
Azkenik, eskuin muturraren goraldia izan zuten hizpide. Partaideen iritziz, fenomenoa ez da soilik Estatu espainiarrean gertatzen ari, baizik eta Europan eta mundu osoan hedatzen ari den joera globalizatu moduan aztertu behar da. Nabarmendu zuten joera horrek jendarteko marko politikoak eskuinera lerratu dituena politika publiko guztietan, baita hizkuntza gutxituenen kasuan ere, eta, beraz, gutxiagotutako hizkuntzen kontrako jarreren hedapena. Abagune horretan, berezko hizkuntza gutxituen aldeko borroka ezinbestekotzat jo zuten mundu justuago eta bizigarriago baten aldeko bidean. Ondorioz, norazko horretan lan egiten duten eragileak ezinbesteko aliatutzat jo zituzten.