Hezkuntza sistemak aztergai Bruselan
Europako Hiritarren Nazioarteko Batzordeak (ICEC International Commission of European Citizens) hezkuntza eta hizkuntzei buruzko saioa antolatu du Europako Parlamentutan, Euskal Herriko, Flandriako, Korsikako eta Kataluniako ereduak aztertzeko asmoz.
Bertan izan da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, eta Euskal Herriko hezkuntza sistemen aurkezpena egin du berezko hizkuntzak dituzten herrialdeetako hainbat ordezkariren aurrean. Horrela, hezkuntzak hizkuntza gutxituen berreskurapenean duen garrantzia azaltzeaz gain, euskaldunen kasuan ofizialtasun-ezak ezartzen dituen egiturazko oztopoak aipatu ditu. Ondoren, banaketa administratibo bakoitzean indarrean dagoen sistema azaldu du, elementu batean azpimarra jarriaz: legea aldekoen dagoenean ere ez da lortzen ikasle guztiek euskara-maila egokia lortzea.
Euskal Herrian jauziak egiteko beharra
Etorkizuneko erronkak ere izan ditu hizpide Kontseiluko eledunak, EAEn jorratzen ari den hezkuntza-legearen prozesua azalduz. Halere, gogoratu du hezkuntzari ezin zaiola guztia eskatu. Hartara, hezkuntza-sistemaren funtzioa ikasleei hizkuntzaren tresna eskaintzea dela, baina, hortik harago, ikasle horiek espazioak beharko dituzte euskara erabiltzeko. Ondorioz, hizkuntza-politika orokor berri baten beharra aldarrikatu du.
Europarlamentarioei hiru engaiamendu hartzeko deia
Goizean zehar egondako ekarpenekin, ICECek europarlamentarioentzako hiru engaiamendu eskaera prestatu ditu. Batetik, hezkuntza-maila guztietan hizkuntza gutxituan oinarritutako irakaskuntza bermatzea. Bigarrenik hizkuntza guztiei ofizialtasuna emateko aukerak ikustea, estatuen harresia gainditzeko. Eta azkenik, aurrera begirako urratsak ematea eremu pribatuan, ikus-entzunezkoetan bereziki.
Iruzkinik ez "Hezkuntza sistemak aztergai Bruselan"