
Kontseiluak deitoratu egiten du Europako Batasunak euskarari ofizialtasuna aitortu ez izana
Euskalgintzaren Kontseiluak deitoratu egiten du Europako Batasuneko Auzi Orokorretarako Kontseiluan euskarari, galizierari eta katalanari Europa mailako ofizialtasuna aitortu ez izana. Izan ere, ofizialtasunaren aitortza Europako Batasunak aipatu hizkuntzekin daukan zor historiko bat da, gutxieneko demokratikoen errespetuan eta elkarbizitzan oinarritzen dena.
Europa mailako ofizialtasunaren aitortzak euskal hiztunen egunerokoan inpaktu zuzena izateaz gain, etorkizunera begira izaera estrategikoa duen aldarrikapena ere bada. Izan ere, Europar Batasunak gero eta eragin handiagoa dauka Euskal Herrian garatu daitezkeen politiken inguruan, baita hizkuntzei dagokienean ere. Dagoeneko 500 zuzentarau eta erreglamendutik gora daude eremu desberdinetan hizkuntzaren erabilera Europa mailako ofizialtasunera baldintzatzen dutenak, hala nola, eremu sozioekonomikoan, hizkuntzen irakaskuntzan, ikerketan, adimen artifizialean… Eta aurreikuspena da eragin hori gero eta handiagoa izango dela.
Ondorioz, ez da soilik beste hizkuntza batzuek jasotzen dituzten baliabide eta sustapen politiketatik kanpo geratzen dela euskara Europa mailan ofizialtasun estatusa ez izateagatik, baizik eta, aitortza hori izan ezean, hainbat alorretan mugatu edota, are, murriztu egin daitekeela euskararen presentzia “desofizializazio” prozesu bat eraginez.
Horrekin batera, Kontseiluak nabarmendu du maila politikoan euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarria indartzeko urrats garrantzitsu bat ere izango litzatekeela. Agerian utziko bailituzke euskara oraindik ofiziala ez den Euskal Herriko eremuetako hainbat kontraesan. Esaterako, Nafarroako zati bateko edo Ipar Euskal Herriko edozein herritar, erakunde zein enpresak euskaraz jardun ahalko luke Europako instituzioekin, baina ez ordea bere herriko udalarekin.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: