Botere judizialak euskararen normalizazioaren aurka egin dituen azken mugimenduen harira

2025ko abenduaren 11a

Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusiak, azken asteetan botere judizialak egindako esku-hartzeak salatu nahi ditu, martxan den eztabaida legegilea baldintzatu eta euskararen desofizializazio prozesuan sakontzea dakartelako.

Botere judizialaren esku-hartzea Eusko Legebiltzarreko eztabaida legegilean

Pasa den astean, Euskararen Egunaren biharamunean, EAEko Auzitegi Nagusiak publiko egin zuen Espainiako Konstituzio Auzitegira jotzea erabaki zuela Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikulua konstituzioaren aurkakoa denetz ebazteko. Horretarako, PP eta VOX alderdiek 19/2024 dekretuari jarritako helegiteak baliatu ditu auzitegiak, lehenago 2016ko Udal Legea garatzen zuen 179/2019 dekretuarekin egin bezala.

Kontseiluaren ustez, esanguratsua da eskari hau orain heldu izana, hain zuzen, epaitegietatik bideratutako oldarraldi judizialaren ondorioei konponbidea jarri asmoz, Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko eztabaida prozesua Eusko Legebiltzarrean denean.

Euskalgintzaren Kontseiluak oso larritzat jo du erabaki hau, botere judizialetik aipatu lege aldaketaren eztabaida baldintzatzeko saiakera argia baita, jauzi kualitatibo bat euskararen eta gaztelania ez diren hizkuntzen aurkako aktibismo judizialean. Izan ere, nabarmentzekoa da epaileen artean dagoen euskararen ezagutza maila baxua –EAEko epaileen % 6ak soilik du egiaztatuta euskara gaitasuna– eta hizkuntza-berdintasunarekiko sentsibilitate falta.

Orain arte epaileek sententzien bidez baldintzatu dute euskararen aldeko legediaren aplikazioa, jurisprudentzia murriztaile bat ezarriz. Sententziaz sententzia, jurisprudentzia berri hori kristalizatuz joan da eta euskararen normalizazioaren mugak jada ez dira bertako araudiarenak, epaitegietatik ezartzen direnak baizik. Hala, erakunde eta udalek euskararen aldeko neurrietan atzera egitea eragin dute.

Oraingoan, baina, urrunago joan dira. Izan ere, Kontseiluak positiboki baloratu zuen euskararen aurkako oldarraldiaren eztabaida epaitegietatik Legebiltzarrera, dagokion lekura, eramateko urratsa. Botere judizialak, ordea, urrats hori desegin nahi izan du, eztabaida legegilea epaitegietara bueltan eramanez. Oso larria da hau, euskararen auzitik harago, jardunbide demokratikoaren aurkako erasoa baita. Euskara betiko minorizatua nahi duten indarrak eztabaida baldintzatzen ari dira.

Hala, Kontseiluaren iritziz, adierazgarriak dira EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki honen baitan egindako azken mugimenduak: PP eta VOXen bi helegiteak prozedura bakarrean elkartzea, auzia aztertzen duen aretoaren osaeran egondako azken orduko mugimenduak, eta, batez ere, 1989tik indarrean dagoen hizkuntza eskakizunen sistemaren jarraipen hutsa den 2022ko artikulu bat zalantzan jarri izana, justuki lege horren aldaketa eztabaidagai denean. Horregatik, Kontseiluaren ustez Auzitegi Nagusiaren mugimendu hau, juridikoa baino, gehiago da politikoa. Izan ere, 187.5 artikuluak ez lekarke bere horretan konstituzionaltasunerako arazorik, nahiz eta, azken urteetan Espainiako auzitegi honen doktrinan emandako inboluzioak, 2023an Udal Legearen 6.2 artikuluarekin gertatua kasu, aski den zalantza ereiteko.

Eusko Jaurlaritzaren kontratazio irizpideen kontrako epaia

Hain zuzen, Udal Legearen aurkako sententzia hori baliatu du EAEko Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartutako kontratazio irizpideen aurka egiteko. Kasu hartan udaletan ordezkaritzarik ez duen VOX alderdiak jarritako helegitearen argudioekin bat egin zuten epaitegiek. Oraingo honetan, CCOO sindikatuak argudio berberak baliatu ditu.

Sententzia honen ondorioz ezingo da euskararen erabilera gaztelaniarenarekin parekatu herritarrei zerbitzu publikoak eskaintzen zaizkienean, zerbitzuaren titularra administrazioa izanagatik, enpresa pribatuen bidez eskaintzen den kasuetan.

Kontseiluaren iritziz, euskararen desofizializazioan beste urrats nabarmen bat da eta babesa adierazi dio Jaurlaritzari ebazpen euskarafobo honen aurrean helegitea jar dezan.

Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da euskararen normalizazioa blindatuko duen arkitektura juridiko berri bat eta, horretarako, Kontseiluak dei egiten die Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdiei ausardiaz eta arduraz joka dezaten, euskara lehen lerroan jarri eta gehiengo zabal baten borondate demokratikoa lege aldaketan islatu dadin. Izan ere, baldintzak badaude: lege aldaketarako premia adierazi duten alderdiek Legebiltzarraren hiru laurden ordezkatzen dute; Kontseiluarekin batera, administrazio publikoa 15 urtean euskalduntzeko proposamena babestu duten sindikatuek langile publikoen hiru laurden ordezkatzen dituzte, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 urtetik gorako herritarren hiru laurdenek defendatzen dute bi hizkuntza ofizial dituen lurralde bateko langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar direla. Gainera, datozen hamar urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko du eta hauek ordezkatzera sartuko da inoizko belaunaldi euskaldunduena, izan ere, 30 urtez azpiko herritarren % 80 euskalduna da, % 90 euskara ulertzen dutenak batuz gero.

Orain, baldintza horiek emaitza bihurtzeko, jendartearen bultzada eta babes soziala, pizkunde berri bat, ezinbestekoa da. Horregatik, Kontseiluak bere babesa adierazi nahi die ELAk eta LABek abenduaren 16 eta 17an funtzio publikoan euskararen alde egingo dituzten mobilizazioei eta, era berean, dei egiten herritar guztiei abenduaren 27an Bilbao Arena betetzera, euskaltzaleen batasunetik euskararen aurkako oldarraldiari etena jarri eta pizkunde berri baten lehen txinparta piztera.