Auzitegiek gaztelaniaren pribilegioa zalantzan jartzea debekatu nahi dute

2026ko otsailaren 04a

Pasa den astean, Donostiako Auzitegiek ontzat eman eta hiru urte pasa ondoren, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Donostiako Udaleko kartografia zerbitzuko bi lanposturen lan deialdia, gaztelaniaz gain euskararen ezagutza ere eskatzea “gehiegizkoa” dela iritzi duelako.

Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz Auzitegi Nagusiaren erabakia onartezina da. Izan ere, administrazioan euskararen normalizazioa oztopatzea helburu argia du, eta, ondorioz, Donostiako herritar eta udal langileen eskubideen urraketak betikotuko ditu.

Sententzia salatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Donostiako BAGERA elkarteak elkarretaratzea egin dugu Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean. Jarraian agerraldian irakurritako adierazpena.


EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA · BAGERA ELKARTEA

ADIERAZPENA

Beste sententzia bat, beste kolpe bat euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen aurka. Oraingoan, Donostiako auzitegiak aurrez ontzat eman bazuen ere, bi udal lanpostutarako euskara eskakizuna baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak.

Honen arabera, justiziaren aurkakoa da herritarren eskubideak parekatzea, gaztelaniaren pribilegio estatusa zalantzan jartzea. Hori da botere judizialaren markoa, oldarraldiarena, gaztelaniaren erabateko nagusitasunarena, euskara betiko minorizatuta nahi dutenena.

Honen aurrean, Kontseiluak eta Bagerak irmoki salatzen dugu botere judizialaren azken esku hartzea eta Donostiako Udalari eskatzen diogu sententzia honi errekurtsoa jarri eta prozesua azken bururaino eraman dezan.

Horrekin batera, euskararen normalizazioak aurrera egiteko behar duen arkitektura juridiko berri bat aldarrikatzen dugu. Izan ere, 1982ko Euskararen Legetik ia mende erdi igaro den honetan, euskaldunon hizkuntza eskubideak oraindik ere ez daude bermatuta. Egunero egunero sistematikoki urratzen dira. Orain, gainera, aurrera egiteko genuen zoru apurra ere deseraikitzen ari dira epaitegietatik. Euskararen desofizializazio prozesu betean gaude.

Honen aurrean, lehen urratsa egun Legebiltzarrean eztabaidagai dagoen Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa da, uda aurretik ebatziko dena. Baina, prozesu horren emaitza ezin da mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera. Ezinbestekoa da egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiei, ez soilik euskararen ezagutza, baizik eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea. Badugu horretarako aukera, baditugu baldintzak. Balia ditzagun.

Asko da orain arte aurreratu dena, baina dena gero eta azkarrago doan mundu honetan, euskararen normalizazioa ere azkartu beharra dago, atzean geratuko ez bada.

Pasa den abenduan Pizkunde berri baten lehen txinparta piztu genuen eta ekainaren 13ra begira, txinparta hori hauspotzeko unea da orain. Jada, euskaldun izatea ez da aski, euskaltzale izan gaitezen. Etxean, lagunartean, lanean edota auzoan, ez dezagun zapalkuntza normalizatu.

Eta zer egin dezakegu gutako bakoitzak egunerokoan? Bada, “Euskaltzaleon gida” izeneko proposamen xume bat jaso dugu Pizkundea.eus webgunean, 6 puntutan. Laburbilduz:

Egin euskaraz bizitzeko hautua. Ez normalizatu eta isildu hizkuntza-eskubideen urraketarik. Hitz egin hizkuntzen auziaz, eta partekatu ingurukoekin euskararen etorkizunak sortzen dizun kezka. Ekarri zure lehentasun sozial eta politikoetara euskara. Eta, azkenik, antolatu euskaltzale gisa: kuadrilletan, ikastetxeetan, lantokietan, kirol eta kultur elkarteetan, mugimendu sozial, sindikatu eta alderdietan eta bultzatu ditzagun horietako bakoitzean jarrera eta jokabide euskaltzaleak. Mintzatzen ez denak ez baititu kateak sentitzen, norbere eremuan antolatu eta egin dezagun euskararen alde, egin dezagun euskaraz.

Euskararen etorkizuna dago jokoan. Euskaltzaleon garaia da!

Donostian, 2026ko otsailaren 3an


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!