
Elkarretaratzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, euskararen normalizazioaren aurkako sententzia salatzeko
Pasa den astean, Iruñeko Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiak ontzat jo zuen UGT sindikatuak jarritako helegitea eta, ondorioz, euskara ez da merezimendu izango Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako kanpusean lan egiteko. Aldiz, alemana, frantsesa eta ingelesa bai. Atzerriko hizkuntzak baloratuko diren bitartean, Nafarroako berezko hizkuntza ez.
Gaur NUPeko Iruñeko campuseko liburutegi aurrean egindako elkarretaratzean, Euskalgintzaren Kontseiluak, NUPeko Euskara Taldeak, eta LAB eta ELA sindikatuek epaitegien erabaki erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa salatu dute. Halaber, nafar guztiei euskaraz ikasi, lan egin eta bizitzeko eskubidea bermatzeko irtenbide bakarra euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko duen lege aldaketa dela aldarrikatu dute.

ADIERAZPENA
Iruñeko Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiak ontzat jo du UGT sindikatuak jarritako helegitea eta, ondorioz, euskara ez da merezimendu izango Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako kanpusean lan egiteko. Aldiz, alemana, frantsesa eta ingelesa bai. Atzerriko hizkuntzak baloratzen dira, Nafarroako berezko hizkuntza, ez.
Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia ez da soilik judiziala, sindikala eta politikoa ere bada, are, ideologikoa. Azken boladan Europa mailan indartzen joan den olatu erreakzionario eta atzerakoiaren parte da, berdintasunaren, justizia sozialaren eta giza eskubideen aurrerabidea oztopatzea helburu duena. Mezu argi batekin: «urrunegi joan zarete». Hala, beste behin ere, botere judizialak erabaki du euskararen sustapenaren aldeko hizkuntza politikek noraino egin dezaketen aurrera.
Euskarak hiztun gutxien dituen eremuetan ezin daiteke baloratu, aldiz gehiengoaren hizkuntza denetan ezin daiteke eskatu, “diskriminatzailea” omen delako. Batean zein bestean, helburua bakarra da: gaztelaniaren nagusitasuna defendatzea kosta ala kosta. Logika horren baitan onartu zen 97/2024 Foru Dekretua, Merezimenduen Dekretua bezala ezaguna. Hain zuzen, Nafarroako herritarrak eta euskara bera mespretxatzen eta gutxiesten dituen dekretua.
NUPeko Euskara Taldeak egindako azken inkestaren arabera, ikasleen % 85ek uste dute unibertsitatea ez dela behar bezala ahalegintzen euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko eta, kasu honetan bezala, norabide horretan gutxieneko ahalegin bat egiten denean, epaitegiek atzera botatzen dute.
Dena den, auziaren oinarrian 1986ko «Vascuencearen» Foru Legeak ezartzen duen hizkuntza zonifikazioa dago, Nafarroa eta nafarrak hiru eremutan bereizi zituena, bizitokiaren arabera herritarrei eskubide ezberdinak aitortuz.
Ondorioz, Nafarroako herritarrei euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen zaie, eta egunero jasaten dituzte beraien hizkuntza-eskubideen urraketak. Izan ere, beste hizkuntza batzuez ari garenean, «aberastasunaz» edo «aniztasunaz» hitz egiten da, baina euskaraz ari garenean «inposizioaz» hitz egiten dute. Ez dute ulertu, edo ez dute aitortu nahi, ofizialtasunak ez liokeela inori ezer inposatuko, milaka herritarrei eskubideak aitortu baizik. Hala ere, ia 40 urte ondoren, ofizialtasunaren auzian ez da aldaketarik eman Nafarroan. Hala ere, UPN gobernutik kanporatu eta 10 urtera, ofizialtasunaren auzian ez da aldaketarik eman Nafarroan. Euskarari ez zaio «Aldaketa» iritsi.
Honenbestez, epaitegien azken erabaki erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo hau salatu nahi dugu eta, behingoz, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko duen lege aldaketa eskatzen dugu. Soilik horrela bermatuko baitzaigu nafar guztioi euskaraz ikasi, lan egin eta bizitzeko eskubidea.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 22an