
Euskaldunon eskubideen aldeko elkarretaratzearekin bat egin du Kontseiluak, Gipuzkoako zaintzaileei euskararen ezagutza eskatzea atzera bota duen sententzia salatzeko
Aste honetan, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gipuzkoako Foru Aldundiko zaintzaile lanpostuen egonkortze prozesu batean hautagaiek euskararen ezagutza izateko beharra atzera botatzea. Horrela, egoera zaurgarrian dauden herritarrei euskaraz eta duintasunez artatzeko ezinbestekoa den euskararen ezagutza eskatzea “diskriminatzailea” dela iritzi zuen Donostiako Auzitegiaren 2024ko sententzia bat berretsi du.
Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, euskaldunon herritarren borondatearen eta eskubideen kontra doan oldarraldiaren beste eskuhartze baten aurrean gaude. Izan ere, ebazpen hauen bidez botere judiziala, hizkuntza-eskubideak mespretxatzeaz gain, hizkuntza-politika baldintzatzeko eskumena bereganatzen ari da. Ondorioz, auzitegiak egungo araudia eta ofizialtasuna berrinterpretatzen ari dira, euskara gaztelaniaren azpitik mantenduz eta euskaldunak bigarren mailako herritar gisa betikotuz.
Bestalde, Kontseiluak gogorarazi du udazken honetan Eusko Legebiltzarrean eztabaida emango dela, Lan Eskaintza Publikoetan euskararen ezagutza eskatzea ahalbidetu eta oldarraldi judizialak eragindako ziurgabetasunari konponbidea jarri asmoz. Izan ere, lege ekinbide hau azken urteetan euskalgintzak, euskal gehiengo sindikalarekin batera, administrazioa euskalduntzearen alde egindako presio eta mobilizazio sozialaren ondorio ere bada. Kontseiluak ildo horretan aurrera jarraitzeko asmoa adierazi du, oldarraldiari horma jarriko dion arkitektura juridiko berri bat lortzeko ez ezik, euskararen normalizazioak dituen erronkei erantzungo dien jauzia emateko.
Langile Batzordearen elkarretaratzearekin bat
Azkenik, Kontseiluak elkartasuna adierazi nahi die sententziaren ondorioz kaltetutako langile eta herritarrei. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko Langileen Batzordeko gehiengoa osatzen duten LAB eta ELA sindikatuek deitutako elkarretaratzearekin bat egiten du Kontseiluak.
Mobilizazioa ostiral honetan, irailak 5, eguerdiko 12:00etan Donostiako Gipuzkoa Plazan egingo da, Foru Aldundiko Jauregi aurrean. Euskararen normalizazioaren eta hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile sozial, arduradun politiko eta norbanako euskaltzale guztiei elkarretaratzean parte hartzera deitzen die Kontseiluak.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: