Gipuzkoako Foru Aldundiari euskararen normalizazioan atzera ez egiteko eskatu dio Kontseiluak
Euskalgintzaren Kontseiluak deitoratzen du lan eskaintza publikoetan euskararen ezagutza-eskakizunak atzeratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakia, euskararen normalizazioan atzerapausoa delako. Harriduraz hartu du, gainera, Aldundiak gaur arte jarrera irmoa erakutsi izan baitu oldarraldi judizialaren aurrean eta euskararen normalizazioaren alde, bai langileen bai eta ordezkari politikoen partetik ere, atzerapausorik ezaren printzipioa defendatuz.
Orain, baina, pasa den martxoan Bizkaiko Foru Aldundiak egin bezala, lan eskaintza berrietan epaitegietatik ezarritako irizpide atzerakoiak aplikatzeari ekingo dio eta, era berean, lehendik adostuta zeuden hainbat deialdi desegingo dira, euskara eskakizun murritzagoekin berregiteko. Hala, eta tamalez, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzera egin du “ziurtasun juridikoaren” izenean.
Agerikoa da, beraz, botere judizialaren gaztelaniaren nagusitasunaren aldeko disuasio politika bere fruituak eman dituela eta dagoeneko ez dagoelako aurkako sententzien beharrik. Hauek eragindako ziurgabetasuna nahikoa da euskararen euskararen normalizazioan atzerapausoak eragiteko. Euskararen desofizializazioa martxan da eta 40 urte atzera egiteko arriskua dago.
Ildo beretik, Kontseiluak kezka adierazi du euskararen normalizazioa erakunde publikoetan euskarazko arreta bermatzera mugatzen duten diskurtsoak ugaritzen ari direlako azkenaldian. Euskararen normalizazioa eta hizkuntza-eskubideen bermea ezin dira hautu indibidualetara edota eskaria eta eskaintzaren logikara mugatu. Euskararen normalizazioa eta biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat da, kolektiboa eta justizia sozialean oinarritua, egun gaztelania nagusi den administrazioaren kasuan, euskaraz artatzeaz gain, euskaraz lan egitea bermatuko duena, bai eta euskalduna eta euskaltzalea ere izango dena. Duten arduragatik, erakunde publikoek ez lukete izan beharko errealitatearen eta herritarren ispilu hutsa, baizik eta aitzindari eta eredu.
Horregatik, lege aldaketarako eztabaida Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Legebiltzarrean den honetan, Kontseiluak aldarrikatzen du eztabaida horren emaitza ez dadila oldarraldiari aurre egitera mugatu. Agorturik dagoen egungo hizkuntza-eskakizunen paradigma gainditzeaz gain, euskararen normalizazioak aurrera egin dezan beharrezko arkitektura juridiko berria eman diezaiola eskatu du Kontseiluak. Are, gutxienez gaztelaniak duen estatus bera aitortu behar zaio euskarari, berdintasun juridikoa oinarri, berdintasun sozial eta linguistikorako hizkuntza-politika berri bat ahalbidetuko duena. Horretarako mugarri da Kontseiluak, ELAk eta LABek administrazioa 15 urtean euskalduntzeko ondutako proposamena.
Azkenik, Kontseiluak oso larritzat jotzen ditu ardura politikoa duten ordezkari batzuen adierazpenak, lan eskubideen eta hizkuntza-eskubideen arteko dikotomia faltsua haizatzen dutenak, herritarren eskubideak eta, ondorioz, herritarrak hierarkizatuz. Lan eskaintza publikoetan, egiturazko zapalkuntza bati erantzuteko neurri zuzentzaile modura, lanpostuen ehuneko bat emakumeentzat gordetzen denean, nekez irudika genitzake ordezkari politiko horiek genero berdintasuna eta lan eskubideak kontrajarriz. Zergatik euskararen kasuan bai?
Kontseiluaren iritziz, diskurtso interesatu horrek agerikoa denari ez ikusiarena egiten dio: hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak euskaraz lan egiteko eskubidean batzen direla. Izan ere, eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkenean soilik bihurtzen dira egiazko eskubide.
Honenbestez, Kontseiluak bere konpromisoa adierazi du eragile sozial eta euskaltzaleekin elkarlanean euskararen normalizazioaren aldeko erantzuna antolatzeko.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
