Kontseiluak euskararen normalizazioaren aldeko jauzia eskatu du Eusko Legebiltzarrean
Gaur, Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean agerraldia izan dute Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak eta koordinatzaile Manex Mantxola Urratek. Batzordeak eskatuta, Euskal Enplegu Publikoaren 11/2022 Legea aldatzeko proposamenari buruzko ekarpenak aurkeztu dituzte.
Kontseiluak ohartarazi duenez, azken urteetan euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizial eta politikoak areagotu egin dira, eta funtzio publikoaren esparruan ez ezik, bestelako arloetan ere atzerapausoak eragin dituzte.
Oldarraldi judiziala eta premiazko erantzuna
Kontseiluaren datuen arabera, oldarraldia hasi zenetik 38 sententziak eragin zuzena izan dute ia 800 lanpostutan, eta epaitegien mehatxuek eta ziurgabetasunak are eragin handiagoa dute. «Epaileek jurisprudentzia murriztailea finkatu dute, eta euskararen aldeko neurriak mugatzeko joera argia dago; ondorioz, herritarren hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen dira», azpimarratu du Kontseiluak.
Ildo horretan, Bizkaiko GUFE Foru Erakundearen aurkako azken epaia jarri dute adibidetzat: «Euskaraz artatua izatea eskatzen duten herritarren herenari eskubideak urratzen zaizkiela onartzen da, baina hala ere deialdia bertan behera uzten da», salatu dute.
Lege aldaketa: aukera eta erantzukizuna
Kontseiluak alde positiboa ikusten dio Legebiltzarrean abiatu den lege-aldaketaren prozesuari: «Berriro legebiltzarrean kokatu da eztabaida, ez epaitegietan. Hau aurrerapauso garrantzitsua da, baina ezin gara mugatu oldarraldiari erantzutera; euskarak behar duen arkitektura juridiko berria eraiki behar da».
Horretarako, hiru printzipio gidari proposatu dituzte:
- Hizkuntza-eskubideak giza eskubideak direla.
- Atzerapausorik ez, dagoen babes-maila ez ahultzeko.
- Hizkuntza-berdintasuna: euskarari gaztelaniak duen estatus juridiko bera aitortzea eta euskaldunak diskriminazio egoeratik ateratzea.
Helburua: administrazioa 15 urtean euskalduntzea
Kontseiluak gogorarazi du euskal gehiengo sindikalarekin batera garatutako proposamenak –langile publikoen % 75 ordezkatzen duten sindikatuek babestua– administrazioa 15 urteko epean erabat euskalduntzea aurreikusten duela, modu errealista eta egingarrian.
Gainera, baldintza objektiboak ere alde daudela adierazi du. Izan ere, Legebiltzarreko alderdien gehiengo zabalak lege-aldaketa babesten du, eta datozen urteetan langile publikoen % 50ek erretiroa hartuko dute, eta belaunaldi euskaldunenari sarbidea emanez. Halaber, 16 urtetik gorako herritarren % 75ek uste dute langile publikoek bi hizkuntzak ezagutu behar dituztela.
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak arduraz eta ausardiaz jokatzeko eskatu die alderdiei: «Euskararen etorkizuna jokoan dago. Baditugu baldintzak eta gehiengo soziala. Orain da jauzia egiteko garaia».
Argazkiaren egilea: Eusko Legebiltzarra.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
