Sententzia eskararen normalizazioaren aurkakoa ez ezik, euskal gizartearen eta erakundeen kontrakoa ere bada

2025ko uztailaren 16a

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzea berretsi du bere sententzian, udal ordezkari bakar bat ere ez duen VOX alderdi politiko euskarafoboaren helegitea ia osotasunean aintzat hartuz.

Azken urteetan, administrazio publikoan euskararen normalizazioa eta biziberritzea bultzatzeko neurrien aurkako eskuhartze judizial ugari salatu ditu euskalgintzak eta euskal gizarteak, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak konbokatuta 2023ko uztailean egin zen alkateen agerraldian edota Bilboko kaleak bete zituen azaroaren 4ko manifestazio jendetsuan.

Oraingoan ere argi ikus daiteke euskararen minorizazioa betikotzea helburu duen oldarraldi judizial eta politikoa, Auzitegiak VOXen premisa ia guztiak bere egin baititu. Baina, euskararen normalizazioaren kontra ez ezik, euskal gizartearen borondatearen eta euskal erakundeen kontrako epaia da. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean gehiengo oso zabalez onartutako araudia eta Eusko Jaurlaritzak garatutakoa da Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetzea erabaki duena.

Garrantzitsua da gogoratzea euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistiko egoeran daudela, eta normalizazio prozesua atzeraldian sartzeko arriskuan. Administrazioan euskarak pairatzen duen minorizazio egoera gainditu eta euskararen alde egiteko zoru minimo bat jartzen zuten dekretu hauek, baina, beste behin, Espainiako botere judizialak bide hori egitea galarazi du.

Kontseiluak dei egiten die erakunde, agintari, eragile politiko, sozial eta herritarrei irmo adieraz dezatela oldarraldiaren agerpen bortitz honen aurka daudela, eta bakoitzak dagokion lekutik bultza dezala euskararen normalizazio prozesua. Horixe baita justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzeko bidea.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!