Udal Legearen aurkako sententziak euskararen normalizazioaren aldeko kontsentsu zabala urratzen du
Euskalgintzaren Kontseiluak kezka larriz hartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Udalen Legearen gainean emandako epaia, hain zuzen ere, udalei euskara hutsez aritzeko aukera zabaltzen dien araua ezeztatzen duena. Kezka hau ez da berria, azken boladan euskararen normalizazio eta biziberritzea helburu duten neurrien kontrako epaiak bata bestearen atzetik heltzen ari baitira Euskal Autonomia Erkidegoan –joera hori lehenagokoa da Nafarroan. Azken sententzia honek are argiago utzi du oldarraldi judizial trinko bat ari dela gertatzen euskararen normalizazioaren aldeko hizkuntza-politiken kontra, gero eta bortitzagoa den oldarraldia.
Izan ere, Udalen Legearen kontrako ebazpenaren bidez koska bat gora egin du oldarraldiak. Batetik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabaki bat delako eta lege bat ezeztatu duelako, hau da, botere judizialak legegilea ordezkatu eta hizkuntza-politika egitea erabaki duelako herritarren borondatearen aurka.. Bestetik, arau hori bertan behera uzteak eta horretarako eman diren arrazoiek hamarkadetako atzerapausoa izan daitekeelako hizkuntza-politikaren arloan. Azken batean, ebazpen honek euskararen normalizazioa xede duten hizkuntza-politikak aurrera eramateko aukera ukatzen die udalei; egoera gutxiagotu eta zaurgarrian den hizkuntza eta hiztun komunitatea indartzeko neurriak hartzea zailtzen die. Are, gazteleraren nagusitasun osoa ezartzerakoan euskararen ofizialtasuna bera ere auzitan jarri du Auzitegiak, ofizialtasunaren interpretazio are murritzagoa eginez eta euskara hutsean aritzea susmopean jarri eta galarazita. Horrez gain, euskaraz ardazten diren milaka herritarren oinarrizko eskubideetako bat urratzen du: euskaraz lan egitekoa.
Ez da ahaztu behar Udalen Legea kontsentsu zabalez onartu zuela Eusko Legebiltzarrak, eta, horrenbestez, Konstituzionalaren erabakiak erakundearen erabakimena higatzeaz gain kontsentsu sozial handi hori bera urratzen duela. Hots, erakundeen zein herritarren erabakimena. Ildo horretatik, hizkuntzen auzia ekitatea oinarri dela eta justizia soziala aintzat harturik kudeatzea ezinbestekoa da elkarbizitza sendotzeko eta demokrazian sakontzeko. Horrenbestez, Konstituzionalaren epaiak arlo horiek denak kaltetzen dituela uste du Kontseiluak.
Nolanahi dela, euskaraz funtzionatzeko bidean urrats sendoak egin dituzten UEMAko udalerrietako udalak dira, oraingoz orain, kaltetu nagusiak. Hori dela eta, Kontseiluak babes osoa adierazi nahi die gaur Usurbilen agerraldia egin duten udal horietako alkate eta ordezkariei. Ezin da ahaztu, udal eta udalerri horiek trakzio indar ezinbestekoa direla euskararen normalizazio bidean.
Era berean, larritasuna kontuan izanik Kontseiluak uste du eraso hau ezin dela erantzunik gabe utzi. Ildo horretatik, dei egiten die udal, udal ordezkari, erakunde, alderdi, sindikatu, eta, orokorrean, euskaltzaletasunarekin, edota elkarbizitza justu eta demokratiko batekin engaiatuta dauden eragile guztiei erantzun irmo eta bateratua ematera oldarraldi judizialaren azken agerpen honi.
Azkenik, Konstituzionalaren ebazpenari erantzuteko sor daitezkeen ekimenez harago, Euskalgintzaren Kontseiluak gogora ekarri du oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoaren kontrako adierazpena egin zuela joan den maiatzaren 10ean Bilbon beste hainbat eragileren babesarekin, eta azaroaren 4rako manifestazio nazionala deitua duela. Beraz, azaroaren 4an olatu erreakzionario eta euskarafoboaren aurka Bilboko kaleak betetzera deitu ditu herritar guztiak.