Larunbatean euskaltzaletasuna Bilbora mobilizatzeko deia egin du Kontseiluak

2025ko abenduaren 26a

Larunbatean, abenduak 27, Bilbao Arenan egingo den ekitaldira joateko azken deia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen Pizkunde berri baten aldeko «txinparta» bilakatu dadin.

Aldarrikapenez betetako ekitaldia izango da, kulturgileen ekarpenen bidez josiko dena. Euskalgintzako eta kultur munduko ordezkari ezagunez gain, ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Itziar Ituño, Edurne Azkarate eta Olaia Aguayo aktoreek, Gorka Urbizu, Gontzal Mendibil, Maia Iribarne, Miren Narbaiza ‘Mice’, Joseba Tapia, Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia ‘Benizze’ eta Julen Goldarazena ‘Flako Fonki’ musikariek, Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariek.

Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko hiru arrazoiak gogora ekarri ditu: euskaltzaletasunaren indar eta batasunaren erakustaldi bat egitea, euskararen normalizazioa eta biziberritzea gizarte guztiaren ardura dela adieraztea, eta hizkuntza-politiketan premiazkoa den jauzia bultzatzea. Hiru arrazoiei gehitu zaie azken asteetan auzitegietatik eratorri diren euskararen aurkako mugimenduei erantzutea.

Ekitaldiak babes handia jaso du, eta ordezkaritza politiko, sindikal eta sozial zabala espero dute antolatzaileek, euskararen eta euskaltzaletasunaren aldeko argazki indartsu bat osatzeko. Gainera, berrehundik gora boluntario eta langile arituko dira antolaketa eta segurtasun lanetan. Euskal Herri osotik dozenatik gora autobus etorriko dira.

Ekitaldirako azken sarrerak www.pizkundea.eus webgunean eskuratu daitezke. Ekitaldia hasi aurretik ere leihatiletan erosi ahal izango dira, aforoa bete arte. Jasotako dirua osotasunean artisten lana ordaintzera eta ekitaldiaren gastuen zati bat estaltzera bideratuko da. Ateak 16:00etan irekiko dira, eta 17:00etan puntual ekitaldiari hasiera emango zaio.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!