Abenduaren 27an euskaltzaletasuna indartzeko deia, euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin
Duela 39 urte, 1986ko abenduaren 15ean, Nafarroako Parlamentuak Vascuencearen 18/1986 Foru Legea onartu zuen. Lege segregatzailea, euskararen ofizialtasuna lurraldearen zati txiki batera mugatzen duena, milaka herritarri oinarrizko eskubideak ukatuz eta desberdinkeria eraginez.
Gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako elkarretaratzean, Euskalgintzaren Kontseiluak indar politikoei eskatu die Foru Amejoramenduaren inguruko eztabaida baliatu dezatela euskarari berdintasun estatusa emateko Nafarroa osoan. Halaber, euskaltzale guztiak deitu ditu abenduaren 27an indar erakustaldi bat egitera, Bilbon egingo den ekitaldian. Ekitaldiaren inguruko informazio guztia www.pizkundea.eus webgunean aurkitu daiteke.



NAFARROAKO EUSKARAREN LEGEAREN 39. URTEURRENEKO ADIERAZPENA
Euskalgintzaren Kontseiluan batzen garen eragileok zoritxarreko adierazpen bat egitera behartuta ikusi genuen gure burua iazko azaroan: euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan geundela adieraztera. Pozarren esango genuke euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua aurrera doala, sendo. Baina, tamalez, datu eta joera soziolinguistikoek, estatus politiko eta juridikoan ditugun –eta gehitzen ari zaizkigun– gabeziek, eta gizarte aldaketa azeleratuek aurrez aurre jarritako erronka berriek, etorkizuna jokoan dugula ohartarazten digute. Inork ez du ukatzen azken hamarkadetako aurrerapena, baina laster eta irmo euskararen aldeko hizkuntza-politiketan urrats handia egin ezean, atzera egiteko arriskua larria da.
Nafarroan nabaria da arrisku hori. Siadecok UEMArentzako egindako azken proiekzioak kezkarako arrazoi asko eskarri ditu, baina azpimarragarrienetako bat da aurreikusten duela 1991tik gaur egunera arte gertatutako euskaldun kopuruaren hazkundea eten egingo dela. Are, hiztun galera gertatzen hasi daitekeela kopuru erlatibo zein absolutuetan. Indartze fase batetik galera fase batera heltzeko arriskua hurbila da. Ezer egin ezean, hau da, euskararen aldeko hizkuntza-politika sendorik egiten ez bada.
Eta, dudarik gabe, Nafarroan, lurralde gehienean, euskarak ofizialtasuna ukatua izatea oinarrizko oztopo bat da behar bezalako hizkuntza-politikak egiteko. Ofizialtasuna ez baita hitz hutsal bat, ez da eslogan bat. Ofizialtasuna hizkuntza bati –eta, batik bat, hiztun komunitate bati–, gutxieneko nor izate aitortza egitea da; gutxieneko berdintasun aukera ematea. Eta, jakina, minorizazio egoeran dagoen hizkuntza eta hiztun komunitate bati, normalizaziora, berdintasunera, heltzeko aukera emango dioten politika publikoak, hizkuntza-politikak, segurtasunez eta iraunkorki egin ahal izateko zorua.
Era berean, euskara ofiziala Nafarroa osoan izatea nafarren arteko desberdinkeria eta segregazio egoera konpontzea da. Horixe baita gaur 39 urte onartutako Euskararen Legearen aho biko kaltea: batetik, euskaraz –Nafarroako berezko hizkuntzan– ardazten diren milaka nafarrek urratuak eta ukatuak dituztela beren hizkuntza-eskubideak egunerokoan. Eta, alderantzian, milaka nafarrek ukatua dutela Nafarroako berezko hizkuntzara hurbiltzeko aukera, ukatua ezagutza, ukatua harremana. Eta bien baturak dakar zonifikazioak berak ezarritako gizarte arrakala gero eta handiagoa izatea, zonifikazioak zonifikazioa ekoizten eta indartzen baitu.
Beste era batera esanda, indarrean den Euskararen Legea segregatzailea da. Aldiz, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea gizarte kohesioaren aldeko urratsa da; justizia sozialean, bizikidetzan, askatasunean, eta, azken buruan, demokratizazioan sakontzekoa.
Abiaburuan esan bezala, duela urtebete euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdian direla adieraztera behartuta ikusi zuen bere burua Euskalgintzaren Kontseiluak. Baina orduantxe bertan esan genuen hori ez zela lanturako edo etsipenerako dei bat. Aitzitik, indarraldi ziklo berri bati ekiteko deia zela. Euskarari Pizkunde berri bat ematekoa.
Nafarroan Pizkunde hori gerta dadin, eta, batez ere, luzaroan iraun dezan, ezinbestekoa da euskarak ofizialtasuna eskuratzea Nafarroa osoan. Hori da atzeraldia eragotziko duten hizkuntza-politikak egiteko bermea. Horregatik, dei egiten diegu indar politikoei Foru Amejoramenduaren inguruko eztabaida baliatu dezatela euskarari berdintasun estatusa emateko Nafarroa osoan. Ezinezkoak ziruditen beste hainbat auzitan posible izan da aldaketa, posible izan dira gehiengo berriak. Nafarroako gizarteak kohesioan, justizian, bizikidetzan eta demokratizazioan irabaziko badu, hizkuntzaren auzian ere egin beharrekoa da urratsa.
Beraz, izan dadila 2026ko abenduaren 15a, zonifikazioaren 40. urteurrenaren ordez, euskara Nafarroa osoan ofiziala dela ospatuko dugun eguna. Pizkunde berri baterako urrats sakona. Besteak beste, horretan ahaleginduko gara Euskalgintzaren Kontseiluko kideok, euskararen aldeko indar soziala hauspotzen, batzen, hizkuntza baten biziraupenetik harago gizarte kohesioan eta justizia sozialean sakontzeko duen garrantziaren berri ematen. Eta, hori posible izan dadin, milaka euskaltzaleren ekimen eta bultzada beharko dugu, euskara berriro ere lehen lerrora ekartzeko eta euskaltzaletasuna indartzeko.
Badugu lehendabiziko hitzorduko bat: abenduaren 27an Bilbon, Miribillan, euskaltzaleon batasuna eta indarra erakusteko, euskara guztion ardura dela aldarrikatzeko, eta hizkuntza-politiketan aldaketa eskatzeko. Abenduaren 27an, elkartu gaitezen euskaltzale guztiok euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin bultzatzeko, Nafarroan gerta daitekeen atzeraldia indarraldi bihurtzeko, hizkuntza-politika irmoak eskatzeko, euskarari Pizkunde berri bat emateko. Euskaltzaleon garaia da!
Iruñean, 2025eko abenduaren 15ean
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
