Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren unibertsitate aditu titulua abian da
UEMA, UEU, EHU/UPV eta Kontseiluaren elkarlanari esker martxan da Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren (ELE) unibertsitate aditu titulua. Hamabost ikaslek osatzen dute lehen promozioa, eta lurralde-antolamenduko eta hirigintzako plan eta proiektuen inpaktu soziolinguistikoa neurtzeko eta zuzentzeko beharrezkoa den ELE tresna egoki erabiltzen ikasiko dute.
Hain zuzen ere, eraikuntza berrien (etxebizitzak, industrialdeak, azpiegiturak…) balizko hizkuntza-kalteak aurreikusten dituen tresna da ELE. Indize objektiboak erabiltzen ditu, eta hizkuntza-kalte horien prebentziorako baliabideak eskaintzen dizkio adituari. Horregatik, oso garrantzitsua da tresna hori behar bezala erabiltzen ikastea. “Arlo honetan dabiltzan adituei formazio profesionala eskaini nahi diegu”, adierazi du Iker Salaberria Kontseiluko proiektu zuzendariak eta aditu tituluko antolatzaileak. “Ikasketa hauek sortu izanaren bokazioa horixe baita: adituek ELE tresna egoki erabiltzea”.
Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2/2016 Toki Erakundeen legeak eta berau garatzeko dekretuak ELE tresnaren bidezko eragin linguistikoaren ebaluazioa egiteko beharrezkotasuna jasotzen dute. Ondorioz, bere aplikazioa derrigorrezkoa izango da baldintza jakin batzuk betetzen dituzten plangintzetan. Beraz, ELE tresnaren aplikazioa ohikoa izango denez, behar bezala erabiltzen jakiteko prestakuntza premiazkoa izango da.
EHU/UPVren aditu titulua da, eta ekaina bitarte saio semipresentzialak egingo dituzte ikasleek. Lehen saioa Iker Salaberriak eskainiko du: “Hizkuntzan normalizazio prozesuez aritzeaz gain, arnasguneen garrantziaz eta horien garapen jasangarriaz arituko gara, batik bat. Guztia ELE tresnaren sorrerari eta garapenari begira”.
Iruzkinik ez "Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren unibertsitate aditu titulua abian da"