Kontseilua eta Behatokia hizlari ‘Euskara harrera hizkuntza’ tailerrean
Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatutako Gure Bazterrak tailer sortaren baitan, gaur arratsaldean ‘Euskara harrera hizkuntza’ tailerra egingo da Atarrabiako Kultur Etxean. Bertan, Yasmine Khris Maansri-rekin batera, Kontseiluko proiektu arduradun den Haizpea Abrisketa eta Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubeka ariko dira hizlari. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, eta izen ematea irekita dago oraindik.
Gaurko saioan zapalkuntzaren hiru ertz landuko dira: hizkuntza, aniztasuna eta generoa. Hiruak dira nortasuna eraikitzeko tresna, eta honenbestez, baita jendartea egituratzen duten botere harremanak ulertzeko aldagaiak ere. Bide horretan, eta begirada feminista batetik, Euskal Herriko eremu ezberdinetan ditugun egoera administratibo zein sozialetako hizkuntz eskubideak eta aniztasuna izango dute hizpide Khris, Abrisketa eta Gaubekak. Esperientziak elkarbanatzea eta erronkak aztertzea izango da xedea, berme juridikotik, euskara harrera hizkuntza gisa duen jendarte bat eraikitzera bidean urratsak emateko.
Iruzkinik ez "Kontseilua eta Behatokia hizlari ‘Euskara harrera hizkuntza’ tailerrean"