‘Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz’ jardunaldia urtarrilaren 23an

2021ko urtarrilak 12 Iruzkinik ez

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk eta UEUk elkarlanean antolatu dituzte Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz jardunaldia. Urtarrilaren 23an egingo da saioa Gipuzkoako hiriburuko San Telmo Museoan, eta izen ematea irekita dago jada ueu.eus webgunean. Era berean, topaketa zuzenean jarraitzeko aukera izango da UEUren YouTubeko kanalean.

Lurraldea eta hizkuntza binomioa jardunaldi gisa lantzen den bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Kontseiluko Paul Bilbaok idazkari nagusiak adieraziak aurkezpenean oroitarazi du 2014an ekin ziotela lau erakundeek elkarlanari, oinarri eta hipotesi bana gomutan: «Gure oinarria zen arnasguneek garrantzia berezia dutela hizkuntza normalizazio prozesuan, eta ez zitzaiela merezi zuten zentralitatea eskaintzen. Hipotesia, berriz, hizkuntza normalizazio prozesuan hizkuntza-politika sailetatik aparte egiten diren politikek, eta zehazki lurralde antolaketatik egiten direnek, berebiziko eragina dutela». Zazpi urteko bidean «hizkuntza-politiken zeharkakotasuna azaleratu da», Bilbaoren hitzetan, eta horren adierazle da Eragin Lingustikoaren Ebaluazioa egiteko betebeharra EAEko udal legean jaso izana.

Ibilbide oparo hori eta elkarlana goraipatu ditu, halaber, Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak, «kezka batetik abiatuta erantzunak emateko gai izaten ari garelako». Eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak helburuetan iltzatu du gogoeta. Mendizabalen hitzetan, «arnasguneen garapena jasangarria izan dadin nahitaezkoa da gune horietan euskararen erabilera sendotzea eta arnasgune funtzional berriak sortzen ahalegintzea».

LUHI V. jardunaldian bilakaera horretan teoriatik praktikara nola jauzi egin landuko dela azaldu du UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok: «Aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorrerako oinarriak mahai gainean jarri genituen, baina horiek nola abiarazi zehaztea ere garrantzitsua da, egin beharrekoen bidea ere zabaltzen hasteko, hitz hutsetan gera ez gaitezen». 

Lau izango dira topaketaren bide orri nagusiak: nazioarteko esperientziaren berri izatea Gaeltacht-eko garapen politika hizpide hartuta, garapen sozioekonomiko endogenorako ereduak ezagutzea, arnasguneen garapen jasangarria arkitekturaren ikuspegitik aztertzea eta arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politiken ereduan sakontzea, hain zuzen. Eduki markoak hitzaldi, ordutegi eta hizlari zehatzetan adierazita, honakoa da aurtengorako prestatutako egitaraua:

08:30-09:00 Harrera eta dokumentazio banaketa

09:00-09:15 Agurra eta jardunaldien hasiera

09:15-10:45 Gaeltacht-en garapen politika. Bilakaera eta ikasgaiak
Conchúr Ó Giollagáin (University of the Highlands and Islands)
Elkarrizketatzailea: Paul Bilbao (Kontseilua)

10:45-11:30 Lurgune euskaldunen garapena eskualde eskalan
Joseba Garmendia (Iñaki Arregi bekaren irabazlea)
Eztabaida gidatua: Imanol Esnaola (Gaindegia)

11:30-12:00 Atsedena

12:00-12:45 Arnasguneen garapen jasangarria arkitekturaren ikuspegitik
Nora Erdozia (arkitektoa) eta Arritxu Zelaia (hizkuntza aholkularia)

12:45-14:15 Mahai ingurua: arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak
Iratxe Arriola (EA)
Olatz Peon (Tolosa)
Oier Oiarbide (Gabiria)
Joseba Otondo (Baztan)

Moderatzailea: Iker Salaberria (Kontseilua)

14:15-14:30 Ondorioak