Adostasunetan jauzia irudikatuko da ekainaren 19an

2021ko ekainaren 08a Iruzkinik ez

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera, ELKAR taldeko ordezkari eta Kontseiluko lehendakari Joanmari Larrarte, BIZIPOZA eragileen bilguneko koordinatzaile Leire Elizegi, Mondragon Taldeko hedapen kooperatiboko arduradun Ander Etxeberria eta Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakari Pilar Lekuona izan dira agerraldian. Hain zuzen ere, Kontseiluko eledun Paul Bilbaok ideia hori mahai gaineratu du agerraldiaren hasieran: «Sektore oso desberdinetako eragileekin aurkezten ari gara ekainaren 19ko ekitaldia, askotariko eragileekin egindako lanaren emaitza delako, eta horixe erakutsiko dugulako» esan du.

Prozesu aberatsa

Bilbaok aipatu du Kursaal jauregiak baduela esanahi berezia hizkuntza-gutxituen historian: «Duela lau urte eta erdi Europako hizkuntza-komunitate gutxituek inoiz egindako ariketa handienaren emaitza aurkeztu genuen bertan: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Egoera oso desberdinak izanagatik, hizkuntza-politiketan adostasun erraldoia lortu genuen» esan du Kontseiluko ordezkariak.

Horrekin batera Kontseiluko idazkari nagusiak gogoratu du iazko abenduan Kontseiluak konpromiso zehatza hartu zuela eragile politiko, sozial eta sindikalen aurrean: «Hizkuntza- politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu zela esan genuen eta horri begira, eragile anitzekin prozesua zabalduko genuela aurreratu genuen. Azken bost hilabetetan buru-belarri jardun dugu horretan, eta pozik gaude izandako harrerarekin» adierazi du Bilbaok.

Izan ere, azken hilabeteotan Euskalgintzaren Kontseiluak hainbat mintegi antolatu ditu eragileekin, hamarnaka alde biko bilera egin du askotariko eragileekin… Orotara ehundik gora ekarpen jaso ditu jatorrizko dokumentuak. «Bagenekien ezin geniola bakarrik intuizioari jarraitu, baina egia da alde askotatik ikusten dela hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia dela, eta horretarako oinarrizko adostasunak lortu behar direla eragile sozialen artean» esan du.

Horrekin batera, Bilbaok bi elementu azpimarratu nahi izan ditu prozesuaren inguruan. Batetik, eremu oso desberdinetako eragileen aldetik izan direla ekarpenak, eta bestetik Euskal Herri osoko eragileen ekarpenak jaso dituztela prozesuan zehar: «Ainhize-Monjolosetik Tuterara iritsi da proiektua. Abokatuak, pediatrak, sendagileak, kirol-taldeak, sindikatuak, enpresak, mundu kooperatiboa, erizainak, gazte-erakundeak, elkarte feministak, LGTBI aktibistak, zientzialariak, laborariak, hezitzaileak, euskalgintza bere osotasunean… horien guztien adostasuna irudikatuko dugu ekainaren 19an» esan du.

Eragileen iritzia

Euskalgintzaren Kontseiluarekin baterako izandako eragileen artean, ELKAR taldeko ordezkari Joanmari Larrartek eta Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakari Pilar Lekuonak hartu dute hitza.

Larrarteren esanetan garrantzitsua izan da euskalgintzaz haratagoko eragileekin lanketa berezitua egitea: «Ohartuak gara normalizazio-prozesuaren bandera euskalgintzak eraman izan badu ere, prozesua beste eragileekin partekatu behar dugula: erantzukizun partekatuak dira giltzarri jauzia egingo badugu» esan du. Ezaugarri horrek prozesu oso aberasgarria ahalbidetu du: «Ez gaude ohituta hizkuntza-politikaz euskalgintzakoak ez diren eragileekin eztabaidatzera, eta hori izan da proiektu honek hautsi nahi izan duen horma, edo sikiera zabaldu duen arrakala. Etorkizunari begira lan-molde berriak ekarri beharko ditu» gaineratu du.

Horrekin batera, etorkizun hurbilean ere sektoreetan lanak ekarriko dituela aurreratu du: «Izan ere, ekainaren 19an adostasun sozial orokorrak irudikatuko ditugu, baina, ondoren, eremuz eremu, gurean kulturan, esaterako, jakin beharko dugu norabidetze orokor horiek gure ildoan aplikatzen lanketa berezituen bidez» esan du.

Bere aldetik, Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakari Pilar Lekuonak azaldu du euskara eta hizkuntza politikaren gaia bere egunerokoan bizi dituztela: «Gure lanean euskararen ezagutzaren beharra eta erabiltzeko beharra oso agerikoak dira eta oztopoak handiak dira». Horrexegatik, Lekuonak Kontseiluarekin batera egindako prozesuaren garrantzia azpimarratu du: «Prozesu honek balio izan du begirada altxatu eta arazo partikularrari irtenbide globala emateko. Ohartu gara, osasungintza gizartearen puzzlearen beste pieza bat dela, eta beharrezkoa dela puzzle osoa ongi uztartzea» adierazi du. Horrekin batera adostasunak duen garrantzia ere azaldu du: «Zuzenean eta zeharka dokumentuak jasotzen duen norabidetzea erabat aplikagarria da gure eremuan, eta horrenbeste adostasuna duela jakiteak indartu egiten gaitu».

Ekitaldi irekia

Agerraldiaren amaieran, Bilbaok ekainaren 19ko ekitaldiaren garrantziaz ohartu nahi izan du: «Zinez uste dugu batuz, jauzia emango dugula; batuz, gauzak aldatuko ditugula, eta lehen jauzia Kursaalen egingo du». Ondorioz, herritarrei bertaratzeko deia egin die.

Ekitaldia irekia izango, baina segurtasun-neurriak bermatzeko, izena eman beharko da Kontseiluaren webgunean (www.kontseilua.eus) edota gonbidapenak@kontseilua.eus helbidera mezua igorriz.