Euskararen erabilera erosoaren alde adostasunak josten jarraitzen du Kontseiluak
Euskalgintzako ehun eta hogeita hamar lagun baino gehiago batu dituzte Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak proiektuko mintegiek. Parte-hartzaileek azpimarratu dute hizkuntza-politika aurrerakoiagoak eta berdinzaleagoak behar direla, eta prest azaldu dira Kontseiluak xede nagusitzat jo duen euskararen erabilera erosoaren alde egiteko.
Mintegiak online egin ziren otsailaren 10, 11, 16, 19an eta martxoaren 5ean. Kontseiluak aldez aurretik landutako dokumentua eztabaidatu dute parte-hartzaileek. Hain zuzen ere, Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak egitasmoaren baitan kokatzen dira eztabaidak, eta hizkuntza-politika berrirako bide-orria izan nahi du dokumentuak. Xede nagusia da euskararen erabilera erosoa bermatzea, eta euskararen ezagutza unibertsala sustatu eta erabilerarako eremu espazioak sortu nahi ditu.
Parte-hartzaileen ekarpenak jasotzen ari da Kontseilua, eta dokumentua aberasteko eta osatzeko erabiliko ditu. Egitasmoaren lehen urratsa besterik ez dira mintegiak, ordea; ahalik eta adostasun zabalena lortzeko, euskalgintzako zein bestelako eragileekin biltzen ari da Kontseilua, eta guztien iritzia kontuan hartuko du dokumentua osatzeko eta berridazteko. Sinetsita baitago hizkuntza-politika berriak egiteko abagunea dela, eta, akordioak oinarri, eragile guztien konpromisoa eta bultzada behar dela euskararen erabilera erosoa lortzeko.
Euskararen erabilera erosoa helburu
Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena; harremanen oinarria da, eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza praktikak. Horregatik, gizarteko eragile guztiei dagokie erantzukizunez jokatzea hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta gizarte berdinzaleagoa osatzeko.
Horregatik, egungo hizkuntza-politiken langa gainditu, eta euskararen erabilera erosoa bermatu behar diegu hiztunei, hau da, eguneroko jardun sozial oro euskaraz egin ahal izatea erosotasunez eta bazterkeriarik jasan gabe. Hori gauzatu ahal izateko bi ardatz jasotzen ditu proposamenak: erabilera erosoa bultzatzeko espazioak eta baldintzak sortu beharko dira, alde batetik, eta euskararen ezagutza unibertsalizatu beharko da, bestetik.
Iruzkinik ez "Euskararen erabilera erosoaren alde adostasunak josten jarraitzen du Kontseiluak"