ELENeko zuzendaritza-batzordean hizpide izan dituzte Donostia 2016ko Goi Bilera eta Hizkuntza Eskubideen Bermerako Protokoloa
Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bileraren talde antolatzailean ELENeko ordezkari den Davyth Hicksek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu dute proiektua.
Europako berrogeita bi hizkuntza-komunitateen berreskurapenean lan egiten duten gizarte eragileen sare handiena den Europako Hizkuntzen Berdintasunaren aldeko Sarea-ELEN erakundearen zuzendaritza-batzordeak bilera egin du gaur Mainzeko (Alemania) Johannes Gutenberg Unibertsitatean. Bertan Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok parte hartu du, erakunde horretako lehendakariorde gisa.
Azken sei hilabeteotako lanaren bilana egin dute zuzendaritza-batzordean, bai eta hurrengo hilabeteetako erronkak zerrendatu ere. Horien artean, aipagarria da ELEN Nazio Batuen Erakundean Espainiako Estatuak hizkuntzarengatik eragiten dituen bereizkeriak mahai gaineratu izana. “ELEN erakundearen bereizgarri nagusienetako bat horixe da, hain zuzen ere, gizarte eragileen ahotsa eta iritzia nazioarteko instituzioetara eramatea eta horiek ere balora ditzatela eskatzea” adierazi du Kontseiluko ordezkariak.
Halere, gaur izan den bileraren gai garrantzitsuenetako bat 2016ko abenduan Kontseiluak eta Donostia 2016k antolatuko duten Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera izan da. “Martxoaren 31n proiektua aurkeztu genuenean, talde antolatzailearen berri ere eman genuen, eta prozesua bideratuko duten sei erakundeak aurkeztu genituen, tartean, ELEN sarea” adierazi du Paul Bilbaok. Hartara, proiektuaren xehetasunak zuzendaritza-batzordean aztertzea nahitaezkoa dela ondorioztatu du Kontseiluko ordezkariak.
Goi Bileraren eta bertan jorratuko den Hizkuntza Eskubideen Bermerako Protokoloaren berri, ELENeko idazkari nagusi, Davyth Hicksek egin du, hain zuzen ere, Goi Bileraren Talde Antolatzailearen kideak.
Egun, Europan hizkuntza gutxiagotuen berreskurapenaren alde lan egiten duten gizarte eragile nagusienen bilgune den ELENek proiektuari babesa ematea eta ekarpenak egiteko prestutasun handia erakustea oso garrantzitsutzat jo du Bilbaok: “Aldaketak nahi baditugu, benetan eragin nahi badugu, gizarte eragileok ahaldundu behar dugu eta elkarrekin egin behar dugu aurrera. Gaur zuzendaritza-batzordeak Goi Bilerarekin eta Protokoloarekin agertu duten ilusioak arrakastatsua izango dela erakusten du” gaineratu du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Iruzkinik ez "ELENeko zuzendaritza-batzordean hizpide izan dituzte Donostia 2016ko Goi Bilera eta Hizkuntza Eskubideen Bermerako Protokoloa"