Europako Hizkuntzen Berdintasunaren aldeko Sarearen Batzar Nagusian hartu du parte Kontseiluak
Aurten, Bartzelonan bildu dira hizkuntza gutxiagotuen alde lan egiten duten Europako gizarte eragile nagusienak.
Plataforma per la Llengua arduratu da aurten hogeita bi estatutan berrogeita lau hizkuntza gutxiagotuen alde lan egiten duten eragileen bilgunearen Batzar Nagusia antolatzeaz. Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUko idazkari nagusi Paul Bilbaok ere parte hartu du erakunde horretako sortzailea baita.
Bartzelona futbol-taldeko Nou Camp zelaian izan da aipatu bilera, eta Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek eman dio hasiera Batzar Nagusiari. Paul Bilbaoren arabera “Aberasgarria da oso urtero gurea bezalako hizkuntzen normalizazioaren alde lan egiten duten eragile hauekin guztiekin egon eta azken urtean izan diren hito nagusiak partekatzea”.
Zalantzarik gabe, aurtengo Batzar Nagusiaren puntu garrantzitsuenetariko bat Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izan da. “Kontuan hartu behar dugu ELEN sarea Talde Antolatzaileko kide dela eta prozesu osoan modu intentsiboan hartu du parte. Hartara, gaurko Batzar Nagusia Protokoloaren jaiotza ospatzeko ere baliatu dugu” adierazi du Bilbaok.
ELENeko kide diren ordezkariek zeinek bere hizkuntzaren inguruko azterketa plazaratu du, besteak beste, galiziera, katalana, okzitaniera, galesera, gaelikoa, udmurtera, tatarera, mariera, eryera, kornubiera, sardiniera edo voro hizkuntzetako egoerak izan dira hizpide. Puntu horretan Bilbaok Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan Kontseiluak egindako kanpainaren berri helarazi die bertaratutakoei, hain zuzen ere, #BadaGaraia kanpaina.
Azkenik ELENeko Batzar Nagusiak hurrengo urterako zuzendaritza-batzorde berria hautatu du. Beste urte batez Kontseiluko idazkari nagusia izango da erakundearen lehendakariordeetako bat.
Iruzkinik ez "Europako Hizkuntzen Berdintasunaren aldeko Sarearen Batzar Nagusian hartu du parte Kontseiluak"