Donostiako Protokoloaren dokumentua itxi du Talde Antolatzaileak eta gizarte eragileen atxikimenduak bilduko dituzte hurrengo asteetan

2016ko urriak 25 Iruzkinik ez

TaldeAntolatzailea20161025-1

Hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharreko 180 neurri jasotzen ditu Protokoloak. Abenduaren 17an Kursaal Jauregiko aurkezpen ekitaldira joateko deia luzatu diete hizkuntza gutxituen alde diharduten Europa osoko talde eta norbanakoei.

U25agerraldia-TaldeAntolatzailearen agiria

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Talde Antolatzaileak azken bilera izan du gaur Donostiako San Telmo Museoan. 2015ko martxoaren 31n hasi zuen ibilbidea amaitutzat eman du eta orduan hartutako konpromisoak bete egin direla adierazi du eguerdian eskainitako agerraldian. Proiektuaren sustatzaileak, ere han izan dira eta haien izenean Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak hartu dute hitza, Talde Antolatzaileko ordezkariarekin batera, ibilbidearen balantzea egiteko.

TaldeAntolatzailea20161025-2

Xabier Payak adierazi du Protokoloak Kultur Hiriburuaren proiektuen lan egiteko modurari erantzun diola. “Gizarte osoa inplikatu da Protokoloa eratzeko prozesuan, herritarrak, gizarte eragileak, akademia eta erakunde publikoak. Gizarte eragileek bultzatu dute ekimena, eta bai eurek, bai herritarrek berebiziko ekarpenak egin dituzte dokumentua osatzeko; akademia eta zenbait arlo profesionaletako kideekin osatutako adituen batzordeak Protokoloaren pertinentzia, zehaztasuna (rigurosidad) eta bideragarritasuna bermatu ditu; eta Donostia 2016 Fundazioa sortutako administrazio publikoen finantziaziorik gabe ezinezkoa izango zatekeen halako lanik burutzea urte honen bukaerarako”.

Gainera, Payak azpimarratu du Protokoloa laguntzen ari dela eleaniztasunaren auzia nazioarteko ikuspegitik ulertzen: “Europako Kultur Hiriburu bezala, euskararen aldeko lana Europako testuinguru eleaniztunean kokatzen lagunduko du Protokoloak. Hiriburutzaren legatuaren parte izango da, Europak bere hiztun guztien eskubideak bermatuko dituen oreka bilatzeko aldarri eraginkorra: Donostiako Protokoloa.”

Aipatu du Donostiako Protokoloa osatzeko bide horretan eragileen arteko harremanak eraiki eta sendotu direla: “Hizkuntz eskubideen defentsan nola edo hala diharduten hainbat hizkuntz komunitateren arteko sarea trinkotzeko balio izan du Protokoloaren sorkuntza prozesuak eta argi utzi du eleaniztasunaren kudeaketa egokia Europako bizikidetza hobetzeko ezinbesteko mintzagaia dela”.

Paul Bilbaok adierazi du ia bi urteko ibilbidea “oso oparoa” izan dela eta Talde Antolatzaileko erakundeek egindako lana eta proiektuari emandako babesa eskertu ditu. Bere hitzetan “haiek izan dira gizarte eragileengan sinetsi dutenak eta haien ahalduntzea ahalbidetu dutenak”. Goraipamen hitzak izan ditu baita ere Protokoloan lanean aritu den Batzorde Zientifikoaren mailagatik.

Orain, Protokoloa eskutan, Europako Gizarte eragile guztiei itzuliko zaiela adieraz du dokumentura atxiki daitezen eta horrekin benetako balioa har dezan. Izan ere Paul Bilbaok ziurtatu duenez, “Protokoloak Hizkuntza eskubideen alorrean diharduten eragileei zoru komun bat eskaintzen die guztiek norabide berdinean aurrera egin dezaten” Paul Bilbaok espero du ekarpen berri honek ibilbide oparoa izatea eta Donostiako Protokoloa Europako eragile guztientzat lan tresna baliagarria izatea.

Talde Antolatzailearen izenean hitza Tommaso Nodarik hartu du eta azaldu duenez, “Talde Antolatzailearen betekizuna, prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea izan zen, hizkuntza gutxituen berreskurapenaren alde lan egiten duten Europa osoko gizarte eragileen ekarpenak kontuan izanik. Dokumentu bat osatu behar genuen desabantaila egoeran dauden hizkuntzei berdintasun egoerara heltzeko neurri zehatzak proposatuz; bakea eta elkarbizitzarako ekarpena egingo zuena; hizkuntza komunitateak eta gizarte eragileak protagonista izango zituena”.

Horretaz gain, Talde Antolatzaileak gizarte eragileen ekarpenei forma eman eta Protokolo bilakatuko zuen Batzorde Zientifikoa osatu zuen eta aurreko astean amaitu zuen bere lana.

Tommaso Nodariren aburuz, helburuak bete egin dira eta “orain gure eginbeharrak zirenak emaitzak dira. Gure funtzioa zena bete dugu eta poz handiz, gizarte eragileen esku uzten dugu haiena dena”.

Honekin batera abenduaren 17an Protokoloaren aurkezpen ekitaldian izango direla iragarri dute eta bertan parte hartzeko deia luzatu diete Europa osoan hizkuntza gutxituen alde dauden norbanakoei eta norabide honetan lanean dabiltzan talde eta erakundeen ordezkariei.