Euskararen garapen osoan urrats berriak emateko ‘Interneten ere, lehen hitza euskaraz’ kanpaina abiatu da
Interneten ere, lehen hitza euskaraz lankidetza-proiektua aurkeztu dugu gaur PuntuEUS Fundazioa, CodeSyntax eta Ikastolen Elkartearekin batera, Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko. Bihar, maiatzaren 17a, ospatuko den Internet egunaren testuinguruan kokatzen da ekimena.
Gaur egun, webgune batean sartzen garenean, erakusten zaigun edukia gehienetan gure nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da. Ondorioz, nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, webgunea euskaraz agertuko da; bestela, berriz, erdaraz.
Lan-talde honek sarean egin dituen neurketek diotenez, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza bezala. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (%10 inguru), baina hala ere, oso kopuru txikia da. Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80 bitartean).
Euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko. Horregatik, abiatu dugu nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina.
Agerraldian, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok “euskara normalizatzeko, alegia, euskaraz bizi ahal izateko beharrezkoa da gure bizitzaren esparruetan egiten dugun guztia gure hizkuntzan egin ahal izatea. Euskara hizkuntza bizia da, teknologia berrietan ere bere lekua duena”, esan du.
Eskaera zehatza luzatu zaio gizarteari. Enpresa eta eragileei webguneetako hizkuntza lehenetsia euskara jartzeko, egun hala ez bada. Erabiltzaileei, berriz, Internetera konektatzeko gailuak eta nabigatzailea euskaraz konfiguratzea.
Gonbidapena ere luzatu da agerraldian. Bihar, hilaren 17an, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean 19:00etan egingo den ekitaldira joateko.
Iruzkinik ez "Euskararen garapen osoan urrats berriak emateko ‘Interneten ere, lehen hitza euskaraz’ kanpaina abiatu da"