Euskararentzat benetako aldaketa berma dadin neurri eraginkorrak behar dira Nafarroako hizkuntza-politikan
Kontseiluak, ELAk, LABek, eta Stee-Eilasek Nafarroako Gobernuari sostengua ematen dioten alderdi batzuek izan duten jokabidearekin bere kezka adierazi nahi dute. Kezka hori Gobernuaren sortze beretik du Kontseiluak euskara normalizatzeko eta hizkuntza eskubideen urraketarako eta euskara normalizatzeko traba nagusia den Vascuencearen legea aldatzeko akordiorik ez baita lortu. Gizarte justua, orekatua eta eskubideetan oinarritua nahi dela aldarrikatzen bada ere, sostengua ematen zaio injustizia, desoreka eta eskubide urraketa betikotzen duen legeari.
Oraingoan, hezkuntzarako lan eskaintza publikoarekin oso agerian gelditu da aipatutako jokabidea. Gobernuak hezkuntza arloan hainbat lanpostutan euskara eskatzeko egin duen proposamena erretiratzea eskatu dute hainbat alderdik, horien artean Gobernua bera osatzen duten bik. Gure ustez, jarrera hori kezkagarria ez ezik ulertezina ere bada.
Sinatzaileon ustez, belaunaldi berriak oso osorik euskalduntzeko eskubidea dute. Horretarako, ordea, euskarazko zerbitzua eskainiko duten profesional euskaldunak behar dira. Jakiteak ez du inoiz kalterik egiten eta hautatzeko aukera duena bakarrik da pertsona librea.
Bestalde, Nafarroako Lehendakariak berak aipatu du PAI ingelesezko programaren eraginez gaztelaniaz bakarrik dakiten irakasleen soberakina dagoela.
Alderdiok gaztelania hiztun elebakarrak eta euskaldun elebidunak kontra jartzen dituzte. Ahaztu egiten dute, Nafarroan euskara dakitenek gaztelania ere badakitela. Pertsona horiek irakasteredu batean zein bestean ari litezke. Ondorioz, objektiboki elebidunak prestatuago daude. Ulergaitza da gutxiago dakiena kontratatzea.
Nafarroako aurreko gobernuen hizkuntza eta hezkuntza politikak utzi ditu profesional hauek lanpostura iristeko aukerarik gabe. Euskara eta euskaraz ikasteko aukera etengabe zangotrabatu dute eta horren ondorioa izan da herritar askok ez duela aukerarik izan euskara ikasteko. Hor bilatu behar dira erantzuleak.
Alderdiek ezin dute ahaztu funtzio publikoa zer den. Herritarren zerbitzura dagoen eta, herritarren zergekin ordaintzen den zerbitzua da funtzio publikoa. Herritarren zerbitzariak dira eta zerbitzu horrek ematen dio zentzua funtzio publikoari. Beraz, herritarren hizkuntza- eskubideek definitzen dute zerbitzu publikoaren nolakotasuna bere alor guztietan.
Kontseiluak eta hiru sindikatuok aldaketaren gobernuari gogorarazi nahi diogu Euskalgintzak eta haren inguruan biltzen diren kolektiboek eta banakoek erabateko sostengua adierazten eta adieraziko dietela nafar guztien eskubideen aldeko neurri guztiei, hala nola, euskaraz Nafarroa osoan ikasteko eskubidea bermatzera datozen berriki hartutako erabakiak. Hots, 2016rako atondu den lan eskaintza publikoa.
Bestalde, hizkuntza politika berri eta eragingarriari sostengua emateko dugun prestutasuna azpimarratu nahi dugu. Beraz, Nafarroako gizartea sostengu horren protagonista izan dadin etengabe lan egingo dugu.
Kontseilua, ELA, LAB eta Stee.Eilas.
Iruzkinik ez "Euskararentzat benetako aldaketa berma dadin neurri eraginkorrak behar dira Nafarroako hizkuntza-politikan"