Gobernu demokratiko eta aurrerakoi batek herritarren hizkuntza-eskubideen bermea erdigunera ekarri beharko du

2019ko uztailaren 02a Iruzkinik ez

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak dei egin dien alderdiei akordio programatikoan euskaldunen hizkuntza-eskubideen bermerako neurri eragingarriak jaso ditzaten. Horretarako maiatzean aurkeztutako proposamena eta honako prentsa oharra bidali diete alderdiei.

2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeak igarota, alderdiak Nafarroako Gobernu berrirako akordio programatikoan murgilduta dauden honetan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deia luzatu die alderdiei. “Finean, egunotan onar dezaketen akordio programatikoak eragin zuzena izan dezake hurrengo lau urteotan garatuko den hizkuntza-politikan eta, beraz, herritarren eskubideetan. Hortaz, dei zuzena egin nahi diegu alderdiei” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Izan ere, azken egunotan behin baino gehiagotan adierazi da gobernu aurrerakoia eratzeko baldintzak egon daitezkeela, eta akordio programatikoak erakutsiko duela lehengo garaietara ez iristea posible dela Nafarroan.

“Euskalgintzak ere ez du hizkuntza-politikaren garai ilunetara itzuli. Geuk ere gobernu aurrerakoiaren alde egiten dugu, baina ulergaitza ez ezik, ulertezina ere litzateke gobernu aurrerakoi batek kohesioa, berdintasuna eta bizikidetza albo batean utziko balitu, nola eta euskaldunak alboratuz” adierazi du Bilbaok.

Horren karira gogoratu nahi dugu Kontseiluak maiatzaren 11n Iruñean publiko egin zuela Nafarroako hizkuntza-politika garatzeko 15 proposamen izeneko dokumentua. “Legegintzaldi honetan, gainera, berrikuntza bat aurkeztu genuen. Horrela, hurrengo lau urteetan garatu beharreko hizkuntza-politikan abian jarri beharreko neurriak zehazteaz gain, legegintzaldi hasieran hizkuntza-politikaren garai ilunei jarraipena ematen dieten neurriak baliogabetzeko eskatu genuen. Hain zuzen ere, euskararen ezagutza beste hizkuntzen ezagutza baino gutxiago inoiz ez baloratzeko erabakia hartzea; irakaskuntzan zerrenda bakarra bermatzeko araudia abian jartzea; administrazioko langile elebidunen lege bidezko diskriminazioarekin arau bidez amaitzea eta D ereduari hizkuntza-programak ezin ezartzea” azaldu du Kontseiluko eledunak.

Eskaera horren bidez Kontseiluak berretsi nahi izan du herritarren hizkuntza-eskubideak jokoan daudela, eta arbuiagarria litzatekeela hizkuntza-eskubideen bermean atzera egitea. “Eman diezaiotela gobernu aurrerakoiari ezaugarri hori, herritarren eskubideen aldeko neurri eragingarriak hartuko dituelako” gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.