Herri bezala erantzunez, urriaren 27an Iruñera joateko deia egin dute Donostian
Lekuan leku euskararen normalizazioa eta pertsonen hizkuntza-eskubideak guztion erantzukizuna direla aldarrikatu du Donostian euskaltzale talde batek. Hori horrela, urriaren 27an Iruñean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute. Euskararen ofizialtasuna eskatuko da hiru zutabez osatuko den mobilizazioan. 17:00etan abiatuko dira Gazteluko plazatik, Media Luna parketik eta Iturramatik.
Olatz Beobide aktore eta zuzendari donostiarrak irakurri du ekitaldia amaierako testua: “Gaur, hemen bildu gara deialdi bat egiteko. Euskaltzale garen neurrian eta euskararen normalizazioa helburu izanik, euskarak bere lurralde osoan bizi duen egoerak kezkatzen gaituelako.
Urriaren 27an Kontseiluak Iruñean egingo duen mobilizazioaren edukiekin bat egiten dugu eta bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu Euskal Herriko euskaltzaleei.
Nafarroak behar du bultzada une honetan eta ez da soilik nafarren erantzukizuna egoera aldatzeko indar egitea. Herri bezala erantzun behar dugu.
Urtetan hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa pairatu behar izan dugu euskaldunok, Nafarroa Garaian, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan bezala, oraintsu arte. Nafarroa Garaian, gainera herritarrak legez zatitzen ditu Legeak berak hizkuntza-eskubideen alorrean, maila desberdinetako herritarrak sortuz. Euskararen Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten dizkie herritarrei. Euskaraz bizitzeko eskubidea tokiaren arabera baizik ez zaio aitortzen herritarrari. Honek, kohesioa zailtzen du, pertsonen arteko berdintasuna apurtzen du eta injustizia eragiten du.
Une honetan, baina, euskararen garapenaren aldeko leiho bat zabaldu da Nafarroako Parlamentuan, Euskararen Lege berria egiteko ponentziaren bidez. Horregatik, abaguneak eskaintzen duen aukera baliatu egin behar da, lege berri bat onduz egiazki eta efektiboki aitortu eta berma daitezen euskaldunon hizkuntza-eskubideak, behingoz.
Alderdiei dagokie oinarri sendoak jartzea. Halaber, herritarroi dagokigu bultzada ematea norabide egokian. Euskaldunok merezi eta behar dugun lege babesaren alde egiteko unea da hau. Euskaldunontzat ona izango den Legea egiteko aukera hau bultzatzeko, mobilizazioa egingo du Kontseiluak, esan bezala, urriaren 27an, Iruñean, 17:00etan hasita.
Mobilizazio performatiboa izango da. Hiru zutabe izango ditu, islatzeko hizkuntza eskualdekatzeak herritarrei eragiten dien bidegabekeria. Gazteluko plazatik, Iturramatik eta Media Luna parketik. Azken metroak, berriz, Bakearen plazaren ingurutik, batuta egingo ditu, irudikatuz etorkizun bidezko eta egoki bakarra dela euskara Nafarroa osoan ofizial egitea.
Herri bezala dagokigulako lekuan leku sortzen diren egoerei erantzutea, urriaren 27an, BEHINGOZ EUSKARA OFIZIALA NAFARROA OSOAN aldarrikatuko dugu”.
Iruzkinik ez "Herri bezala erantzunez, urriaren 27an Iruñera joateko deia egin dute Donostian"