Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatzeko Batzorde Zientifikoa lanean hasi da
DSS2016EU eta EUSKARAREN GIZARTE ERAKUNDEEN KONTSEILUAK sustaturik eta Nazioarteko Erakundez osatutako Talde Antolatzaileak gidaturik, Batzorde Zientifikoak Protokoloaren lehen zirriborroa marraztuko du egunotan, Donostiako Tabakalera Kultur Gunean.
Nazioarteko adituek osatzen dute batzordea, hizkuntza alorrean eta legedi alorrean izen handiko akademikoak dira. Irakasleez gain, instituzioetan aholkulari direnek ere osatzen dute Batzordea.
Protokoloa neurri zehatzak biltzen dituen dokumentu bat izango da eta hizkuntza eskubideak modu eraginkorrean aplika daitezen neurriak proposatuko ditu. Bartzelonan 1996an aurkeztu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean oinarrituko da Protokoloa. Deklarazio hori nola aplikatu proposatuko du Protokoloak.
Martxoan aurkeztu genuen Talde Antolatzaileak, Protokoloaren irizpide nagusiak marraztu ondoren, Batzorde Zientifikoak bere ekarpen kualitatiboak egingo dizkio oraingoan. Ondoren Europako gizarte eragileen adostasunez garatuko da eta berau 2016eko abenduan Donostian Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bileran aurkeztuko da.
DSS2016 EU Fundazioko arduradunek eta Kontseiluko arduradunek harrera beroa egin diete gaur goizean Batzorde Zientifikoaren ordezkariei. Bertan izan dira baita ere Patronatuko kideak. Guztiek bilera honen garrantzia azpimarratu nahi izan dute.
Pablo Berastegui DSS2016 EU Fundazioko zuzendariak Batzordearen garrantzia nabarmendu du: “Gaur aurkeztuko dugun batzorde zientifikoaren eraketa pauso oso garrantzitsua da Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera ekimenaren baitan. Egitasmo hau Donostia 2016ren programako proiektu nabarmenetakoa da”. Halaber, hizkuntza-eskubideak bermatzearen garrantziaz ere hitz egin du. “…Beste edozein oinarrizko giza eskubide bezala, guztion hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta horretara dator gaur aurkezten dugun batzorde zientifikoak apailatuko duen protokoloa”.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, bestalde, bi ideia nabarmendu ditu: Batetik, “Protokoloaren prestakuntza aurrera doala. Izan ere, proiektuaren aurkezpenean adierazi bezala, ekarpenak jaso ahal izateko bidea nondik joan daitekeen aholkatzeko eskatu diegu gaur bertaratu diren lagunei, eta esan behar dugu, gonbita egin eta berehala izan genituela haien baiezkoak”, esan du eta bigarrenik, momentuaren garrantzia ere nabarmendu du. “Gaur, hemen, Europan hizkuntzen berreskurapenaren alde lan egiten duten gizarte eragileen ahalduntze historikoan beste urrats bat ematen ari gara”.
Iruzkinik ez "Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatzeko Batzorde Zientifikoa lanean hasi da"