Hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna abian jarri da, Donostiako Protokoloa aurkeztuta
Ekitaldi xume eta hunkigarri batez aurkeztu da gaur Donostian Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, hau da, Donostiako Protokoloa. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ekitaldian esan du protokolo hau ahalduntze historiko baten ariketa praktikoa dela, Europako hizkuntza gutxituen eskubideak bermatzeko beharraren aurrean gizarte eragileek erakutsi dutelako tresna eraginkorra egiteko gai direla. Protokoloa Kontseiluak eta Donostia Fundazioak sustatutako proiektua izan da.
Bilbaok nabarmendu du hilabete hauetan guztietan izugarria izan dela Europako txoko guztietan topatu duen elkartasun linguistikoaren grina. “Parte hartzea izan da protokolo honen arrakastaren giltzarria, txikiak izan arren, guztiak batuta, bagarela nor erakutsi dugu”. Gaineratu du gaur ospakizunerako egun handi bat dela baina gaurko aurkezpena eta gero “garrantzitsuena da jada hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna eraginkor bat dugula Europan, eta gaur, Donostian, abian jarri dugula”.
Kursaal Jauregiak gainezka egin du, ekitaldia baino egun batzuk lehenago gonbidapen guztiak agortuta baitziren. Musika eta dantza, eta hitzartzeak tartekatu diren ekitaldian Aureli Argemí eta Maria do Pilar Garcia izan dira lehenak hitza hartzen. Duela 20 urte biek parte hartu zuten Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren osatze prozesuan eta ekitaldian gogora ekarri dute deklarazio hura Donostiako protokoloaren aurrekaria dela.
DSS2016EUren kultur programaren zuzendari Xabi Payak adierazi du Donostiako Protokoloa mugarri garrantzitsua dela Europako bizikidetza eleaniztunerako bidean eta Hizkuntza Eskubideak bermatzeko Protokoloa bezalako egitasmoei esker, Europako Kultur Hiriburuen historian ondo gogoratuko dela Donostiak Europako identitateari hizkuntza aniztasunaren kudeaketa jasangarrian egindako ekarpena.
Protokolo honen gidari Europako sei erakundek osatutako Talde Antolatzailea izan da eta bertako ordezkariek oroigarri bana jaso dute egindako lan eskergarengatik.
Joan Mari Torrealdai euskaltzainak euskarak duela mende batzuetatik gaur arte gainditu behar izan dituen zailtasunek erakutsi dioten lezioaz aritu da eta bidea egiteko belaunaldiek, kolektiboek, elkarlanak, auzolanak herrigintzan eta kulturgintzan edo euskalgintzan egindakoa nabarmendu du.
Ostean oholtzara igo dira Euskal Herritik eta nazioartetik etorritako hamarnaka eragile eta guztiek, protokoloa eskuan hartuta, talde argazkia atera dute, gaurtik aurrera protokolo hori hartuta, norbera bere hizkuntza komunitatera joanda, Europa anitzagoa, justuagoa eta berdinagoa egiteko esperantzarekin. Ekitaldia amaitu da protagonista guztiek Mikel Laboaren “Txoria txori” kanta abestuz.
Iruzkinik ez "Hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna abian jarri da, Donostiako Protokoloa aurkeztuta"