Hizkuntza-politiketan akordioak bultzatzea izango da datozen urteetarako erronka

2018ko azaroaren 16a Iruzkinik ez

UrtekoIrakurketa20181116Iaz abiatutako bideari jarraituz, 2018an euskararen normalizazio prozesuak eman duenaren inguruko irakurketa egin du Kontseiluak Bilbon egindako ekitaldian.

Amaitzear dagoen urteari begira jarri eta balantzea egiteko tartea hartu du Kontseiluak. Urtearen azken hondarretan hanka sozialak presentzia nabaria izan duela azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Behingoz lelopean egindako mobilizazioa, euskaraz bizitzeko tresna eta espazio berriak eta Euskaraldia aipatu ditu, besteak beste, Bilbaok. “Azken honek Euskal Herri osoko eragile sozialek, sindikalek, instituzionalek, politikoek eta euskalgintzak aktibaziori begirako urratsa egiteko balio du. Aliantza berri eta berritzaileak sortzeko”, gaineratu du.

2018an erakundearentzat mugarri izan den Protokoloaren Euskal Herriko Garapena aurkeztu da. Protokoloak jasotzen dituen 185 neurriak euskarara ekartzeko ariketa egin da eta helburua “hizkuntza-politiken inguruko proposamena adostasun sozial zabalarekin osatzea izan da” azaldu du Paul Bilbao idazkari nagusiak.

Ildo horretatik egin nahi du bidea 2019an Kontseiluak “Euskal Herriko hizkuntza-politik(et)an akordioak sortzen”. Kontseiluak etorkizuna irudikatzeko estrategia irudikatu nahi izan du eta horretarako lagungarria izan zaio Eusko Ikaskuntzak mendeurrenaren harira antolatutako kongresuaren Euskararen Etorkizuneko Estrategiak Elkarrekin Eraikitzeko mintegirako ekarpen propositiboa prestatu beharrak.

“Ekarpen horretan adierazi bezala, bada garaia administrazioko sail eta maila guztietan eraginez, benetako zeharkakotasunez garatuko diren hizkuntza-politikak abiatzeko Euskal Herri osoan; bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez eraikiko den eta hizkuntza-eskubideen bermea ardatz izango duen hizkuntza-politika abian jartzeko”, esan du Bilbaok. Izan ere, Kontseilua sinetsita dago bide horrek “aukerak zabalduko dituela eragile desberdinen lankidetza-marko zehatzak definitzeko eta aurrera eramateko”.

Horretan jarriko ditu, beraz, indarrak, 2019an. Hori lortzeko lehen harria jarri du Kontseiluak, arestian aipatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Euskal Herriko Garapena, alegia.  Dena den, kontziente da Kontseilua “akordioen dinamiken konplexutasunaz”, baina Bilbaok uste du lorgarriak diren akordioekin hastea giltzarria izango dela.

Eremu batzuetan urrats zehatzak egin daitezkeela ere uste du Kontseiluak, tartean “hezkuntzan, teknologia berrietan, hedabideetan…” zehaztu du Bilbaok eta gaineratu du: “Gai izan gara eremu horietako hizkuntza-politiketan lehentasunak definitzeko, baita gure ekarpen praktikoa zehazteko ere. Beraz, hurrengo urratsa akordio horiek eragile instituzionaletara hedatzea da, arlo horietako hizkuntza-politiketan jauzia egiteko”.

Eta, eremu horien artean lehentasunezkoa hezkuntza dela azpimarratu du: “Egun badago euskalgintzaren, hezkuntzako eragileen eta eragile sindikalen arteko adostasun handia belaunaldi berriak euskaldunduko dituen hezkuntza-eredua abian jartzeko. Uste dugu, aukera errealak daudela esparru horretan beharrezko jauzia egiteko, eta akordio bidezko estrategia lagungarria dela uste dugu”, argitu du idazkari nagusiak.

Jauzia emateko, beraz, hanka soziala sendotzeko erakutsitako sinergiak Euskal Herriko hizkuntza-politik(et)an akordioa(k) ekinbide-gakora eraman behar direla uste du Bilbaok, honela harreman-eredu berriak sorraraziko baitira euskalgintzaren eta instituzioen artean”.

Txostena