Interes handia piztu du Donostiako Protokoloa zehazteko proiektuak Bartzelonan

2015ko uztailaren 02a Iruzkinik ez

Paul Bilbao: “Datorren urtean Donostian aurkeztuko dugun Protokoloa mugarri berri bat izango da.”

Oriol Ramon: “Donostiako Protokoloak hizkuntzen arteko bizikidetza eredu berri bat adostea bilatzen du”.

Carme Arenas: “Hizkuntza aniztasuna gizarte eleaniztunen aberastasun eta aukera gisa uler dadin lanean jarraitu behar dugu. Hizkuntza guztien arteko berdintasunaren eta elkarbizitzaren alde egiten dugu, ikuspegi koantitatiboak kontuan hartu gabe.”

Talde_argazkia

Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera proiektuaren arduradunek antolaturiko 1996-2016: De la Declaració de Barcelona al Protocol de Donostia ekitaldiaren baitan nazioarteko hizkuntza eragile garrantzitsuek duela ia 20 urte aurkeztu zen Deklarazioa eta Donostian Kultur Hiriburutzaren baitan ezagutaraziko den Protokoloa lotu dituzte gaur Bartzelonan. Donostiako Goi Bileraren Talde Antolatzaileko kide diren LINGUAPAX, CIEMEN eta PENeko kideak bertan izan dira. Halaber, Omnium Cultural, Plataforma Per la Llengua eta Institut Catalan per la Pauko gizarte ordezkariak izan dira, Kataluniako Generalitateko karguekin batera, Institut d´Estudis Catalansen egoitzan burutu den ekitaldian.

Institut d’Estudis Catalan erakundeko Filologia saileko presidente Mª Teresa Cabré Castellvi andreak ongi etorria eman die bertaratutakoei.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren iritziz, “Bartzelonako deklarazioak mugarri garrantzitsua jarri zuen duela ia hogei urte. Hau hiztunen eskubideen oinarrizko dokumentua da. Datorren urtean Donostian burutuko den Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bileran aurkeztuko dugun protokoloak mugarri berri bat jarri nahi du bide horretan, aldarrikapenetik jardunerako jauzia eginez eta bakea egonkortzeko aukera bezala aurkeztuz.”

Ekitaldian Oriol Ramon, Bartzelonako Deklarazioko Jarraipen Batzordeko Lehen Idazkari Nagusiak hartu du hitza. “Bartzelonako Deklaraziotik ia hogei urtera interes handia piztu du Donostian garatuko den proiektu honek Europan, eragileak ahalduntzea eta hizkuntzen arteko bizikidetza eredu berri bat adostea bilatzen duelako herritar guztion hizkuntza eskubideak errespetatuz.”

LINGUAPAX erakundeko presidente Carme Arenasek ere hitza hartu du eta bi elementu azpimarratu nahi izan ditu. Batetik, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa egokiaren garrantzia. Bestetik Bartzelonako Deklaraziotik besteelako urratsak ere izan direla gogoratu du. PEN CATALÁ erakundearen presidente ere baden Arenas andreak erakunde hori 2011n onartutako Gironako Manifestuaz aritu da; hain zuzen ere, Deklarazio Unibertsalaren printzipio nagusiak modu pedagogikoan gizarteratzeko tresna.

Gaurko ekitaldian parte hartu duten eragileek Deklaraziotik Protokolorako “beharrezko urratsa” dela adierazi dute. Ildo horretan, Bartzelonako espiritua berrituta, Donostiari helarazi diote lekukoa, duela ia hogei urte jarri zen mugarria gogoratu eta orduan nazioarteko hainbat eragilek urratsak ematen jarraitzeko erakutsitako konpromisoa berretsiz.

Etiketak: