Iruñeko haur-eskolen afera, ETBren itzaltzea eta Baztango euskara planaz hitz egin du Paul Bilbaok Europako Parlamentuan

2016ko ekainaren 01a Iruzkinik ez

EuropakoParlamentua20160601

Hainbat hizkuntza-komunitateetako gizarte eragileek haien egoera azaldu dute Europar Parlamentuan, Bruselan, “Respecting linguistic diversity? Language Discrimination in the European Union” goiburupean egin den saioan. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eman du euskarak Euskal Herrian duen egoeraren berri.

Europako Batasunean oinarrizko eskubideei erreparatzen ez dien legeria indarrean egotea ez dela onargarria aldarrikatu du Paul Bilbaok.

Kasu zehatzez harago, Bilbaok azaldu du gure komunitateak bizi duen zatiketa. Zeinaren ondorioz, hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkizun ala ez bizi zaren herriaren arabera.

Kasu zehatzei dagokienez, berriz, osasungintzako, herrizaingo eta justizia arloei lotutako kasuak azaldu ditu. Ipar Euskal Herrian berezko hizkuntzan dauden izenak jartzen uzten ez dutela agertu du, bai eta kasu batzuetan La Postek herri-izenak ere onartzen ez dituela.

Horrekin batera, Bilbaok justiziaren eta Estatu espainiarreko Gobernuaren jarrera partekatzeko azken egunotan izandako gertaerak ere mahai gaineratu ditu: Carlos Urkixok, Estatu espainniarrak EAEn duen ordezkariak jarritako helegiteak; Nafarroako Auzitegi Gorenak ETBren emisioak eten izanak; Iruñeko Haur Eskolen afera, etab.

Goizeko saioen ostean alternatiba eta irtenbideen auziei lotu zaizkie hizlariek. Hizkuntza-eskubideak, araudiak eta Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren (HEBP) balioa nabarmendu du. Azaldu duenez, duela 20 urte Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala egin zenetik tresna bat falta zen eskubide horiek praktikan eraginkorrak izan zitezen eta horixe da Protokoloak ahalbidetu nahi duena, hizkuntza-komunitateek tresna eraginkorrak izan dezaten euren hizkuntza-eskubideak errespetatuak izateko.

Garrantzia berezia eman dio HEBPren oinarrian gizarte eragileen ekarpenak egon izanari eta horretarako Europan zehar eginiko bira eta bertan eragileek adierazitako interesa eta ekarpenak egiteko grinaz aritu da.

Entzuleen artean Europako parlamentarioez gain, Europako Kontseiluko Sixto Molina eta Kristina Cunningham, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Belen Rodriguez de Alba eta OSCEko Iryna Ulasiuk ordezkariak izan dira. Bilbaok esan du Protokoloa Donostia Europako Kultur Hiriburutzaren baitan hezurmamitzen ari den egitasmoa dela eta gaur egun Europan dagoen egoera ikusita, bakeari eta elkarbizitzari ekarpena egin nahi diola Protokoloak, maiz hizkuntzen arteko gatazka izan ohi baita gatazka ugariren sorburua.

Kontseiluaren idazkari nagusiak bertaratutakoei azaldu die Europako Kultur Hiriburutzaren ekimen garrantzitsuenetakoa dela HEBP eta abenduan Donostiako Kursaal jauregian aurkeztuko dela.