#2dEmanEuskarari manifestazioan parte hartzera deitu dute Kontseiluko kideek

2016ko maiatzaren 31a Iruzkinik ez

agerraldia-GOLEM-euskalgintza-16-5-31Paul Bilbaok, idazkari nagusiak larunbateko manifestazioaren aurreko azken agerraldia egin du hedabideen aurrean hainbat bazkidek lagunduta. Nafarroan gertatu diren hainbat kontuk deialdiaren beharra agerian uzti dutela azaldu du. Bestalde, herritarren gogoa indartsu dagoela nabaritu dela ere azpimarratu du. Ekainaren 4an, 17:30ean Golemetik abiatuko da ‘Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu’ lelopean egingo den manifestazioa.

“Apirilaren 15ean aurkeztu genuen larunbatean hemendik bertatik abiatuko den manifestazioa eta hau antolatzearen arrazoiak azaldu genituen. Orduan esan genuen ez geundela orain urtebete aurreikusten eta nahi genuen egoeran. Denbora tarte honetan, hainbat gertaera jazo da eta kalera ateratzeko beharra berretsi besterik ez digute egin”, horrela hasi du agerraldia Kontseiluko idazkari nagusiak.

Gertaera horien berri eman du ondoren: “Manifestazioa egitea erabaki eta egun gutxira etorri zen Iruñerrian ETBren seinalea eteteko agindua. Ondoren jakin genuen Iruñeko haur-eskolen kontuan ere hartutako erabakia. Herritar andanaren lanari esker lortu zen eskaintza handitzea (oraindik nahikoa ez zena) eta di-da batean epaitegian bertan behera utzi zuten lorpen hori. Joan den astean, berriz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Baztango euskara plana bertan behera utzi zuen”.

Hiru kasu hauek, hainbat gauza utzi dute agerian; batetik, ziurtasun eza dagoela eta egoerak bermatzen duela Erregimenak Gobernuan egon edo ez esku luzea duela eta ondorioz, gauzak lotu ezean egoera ezegonkorrean uzten gaituztela euskaldunak. Bestetik, aipatu nahi dugu ez dela soilik indarrean dauden lege eta arauen kontua. Horrekin batera, eragin zuzena izan baitu epaileek erakutsi duten jarrera makurra.

Gauzak horrela, “esan dugun moduan, oraindik ere beharrezkoago ikusten dugu gure aldarria kalera ateratzeko beharra. Izan ere, euskarari bide eman behar zaio, neurri ausartak hartuz. Uste dugu jauzia egiteko garaia heldu dela. Bestetik, euskarari bide eman behar zaio, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako”, gaineratu du.

“Nabaritu dugu egoera makurren aurrean herritarren nahiak bere horretan jarraitzen duela, herri gogoa indartsu dagoela. Epe tarte honetan, zehazki, ikusi dugu herritarrak ibiltzen diren sareetan -izan fisikoak zein birtualak-, euskaraz bizi nahi duten horiek ere beharra ikusi dutela gisa honetako erantzuna emateko eta deialdiarekin bat egin dute, atxikimendu hori modu desberdinetan erakutsiz. Herri sarreretako panelen ondoan egindako argazki pilo bat jaso dugu, merindade buruetan elkarretaratzeak egin dituzte, atxikimenduak jaso ditugu webgunearen bitartez…”, esan du Bilbaok.

Horiekin guztiekin euskarari bide ematen jarraituko dugula aldarrikatuko dugu larunbatean. Deialdia luzatzea baino ez zaigu geratzen. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei, haur, gazte eta heldu, euren aldarrikapena egiteko lekua izango dutela esan nahi diegu. Ekainaren 4an hortaz, 17:30ean Golem zineman dugu hitzordua. Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu!