Kontseiluak eskatu dio Nafarroako Gobernuari nafarrei kohesioa eskaintzeko aukera ez dezan galdu

2017ko maiatzaren 10a Iruzkinik ez

EuskaraOfizialaNafarroaOsoan

Kezkatua agertu da Kontseilua Nafarroako Gobernuak administrazioan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuari egin dizkion moldaketekin. Kontseiluaren iritziz, jatorrizko ajea du Gobernuak aurkeztutako dekretu egitasmoak, Vascuencearen Legearen zonifikazioa bere egin duelako. Legea eraisten ez den bitartean, betikotu egingo da nafarren arteko bereizkeria eta dekretu egitasmoak berretsi besterik ez du egiten ‘eskubide maila desberdineko’ nafarrak daudela.

“Dekretuaren idazketa-prozesua garatu ahala, edukiak lausotuz joan dira. Hasiera batean euskaraz artatua izateko eskubidea nafar guztiei bermatzea proposatzen bazuen ere, bukaeran horretara bultzatuko dela jasotzen da soilik, besteak beste. Urardotzera arte heldu da”, Paul Bilbao idazkari nagusiaren esanetan.

“Nafarren arteko kohesioa indartzeko aukera zuen Nafarroako Gobernuak aipatu dekretuaren moldaketaren bitartez, aitzitik, urte batzuetarako hipotekatu egin du Gobernuak herritar guztiek aukera berdinetan euskaraz bizitzeko duten eskubidea”, Bilbaoren ustez.

Elementu positiboei dagokienez, egoki iritzi dio Kontseiluak hala nola herritarrak euskaraz artatzeko neurriak bultzatzea, Zerbitzu Zentraletan, edo euskara planak egitera derrigortzea legeak ezarritako eremu misto zein ez-euskaldunean, besteak beste.

Gabeziei dagokienez, hasteko, argitu behar da Nafarroako Gobernuak ez duela harreman egokirik bideratu euskalgintzarekin, dekretua lantzeko. Lehen zirriborroari ekarpenak egin zizkion euskalgintzak, baina ondotik ez du aukerarik izan. Hiru idazketa izan ditu dekretuak eta, tarte honetan, irabazi baino galdu egin du kalitatea.

Besteren artean, dekretuaren helburuetatik kendu dute hizkuntza erabiltzeko irizpideak ezartzea, eginkizun nagusietakoa beharko bazuen ere. Baztertu da administrazioen artean lankidetzan aritzea eta koordinatzea, dekretua ezartzeko, eta udalei laguntza emate hutsa bihurtu dute. Era berean, dekretuak Zerbitzu Zentralei nafar guztiei euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatzea aginduko ziela hedabideetan zabaldu bazen ere, azken idazketan soilik zehazten da horretarako neurriak hartzera bultzatuko dituela.

Tamalez, dekretu egitasmoak ez die bermerik ekarri, iaz, hizkuntza aukera berdintasuna kalean eskatu zuten milaka nafarrei. Dekretuaren idazketak izan dituen murrizketa kualitatiboek erakusten dute oraindik badirela hainbat konplexu, arduradun politikoen artean.