Kontseiluak eta Donostia 2016k erreferentziazko hainbat erakunderekin batera aurkeztu dute Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera

2015ko apirilaren 01a Iruzkinik ez

Nazioarteko adituekin eta gizarte zibileko eragileekin hainbat hilabetez landu ondoren, 2016ko abenduan Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztuko da Donostian.

IMG_7346

DONOSTIA/SAN SEBASTIAN 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAk sustatzen duten EUROPAKO HIZKUNTZA ANIZTASUNAREN GOI BILERA proiektua aurkeztu da gaur goizean Miramar Jauregian, Donostian.

Goi Bileraren antolatzaile taldea Donostian elkartu da egun hauetan, 2016ko goi bilera arteko prozesuaren prestaketarekin jarraitzeko. ECMI, ELEN, LINGUAPAX International, PEN International, CIEMEN eta UNPO nazioarteko erakundeak izango dira antolatzaile talde honetan. Hala adieraziz, antolatzaile taldearen eratze-agiria sinatu dute gaur.

DSS2016EU Fundazioaren zuzendari Pablo Berastegui, Kontseiluaren Idazkari Nagusi Paul Bilbao eta Pen Internationalen ordezkaria Simona Scrabek izan dira hitza hartu dutenak eta proiektuaren azalpena egin dutenak. Komunikabideez gain, bertan izan dira Kontseiluaren zuzendaritzako hainbat kide eta DSS2016EU Fundazioko lantaldeko hainbat ordezkari.

Hizkuntzaren alorrean eta giza eskubideenean lanean diharduten aditu eta eragileekin eztabaida eta adoste prozesu zabala egingo da Europa mailan. Prozesu honen emaitza pertsona, talde eta komunitate guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezko neurriak zehaztuko dituen protokoloa izango da; gaiarekin lan egiten duen orok baliatu ahal izango duen tresna eraginkorra.

Gaurko lan-elkartzean eta aurkezpenean parte hartu duten eragileek argitu dute goi bilera ez dela hitzaldi sorta bat izango; erabaki gune bat baizik, “baina oraingoan gizarte eragileek erabakiko dute”. Proiektuaren sustatzaile eta antolatzaileek prozesua eta bere une gorena den goi bilera Europako herritarren arteko elkarbizitzan sakontzeko ekarpen bezala ulertzen dute, hizkuntza berdintasunaren alde dauden hizkuntza komunitateen eta gizarte eragileen ahalduntzearen emaitza, alegia.

Goi Bileraren helburuen artean aipatu dira hizkuntza aniztasuna bermatzea eta hizkuntzen garapena ziurtatzea; elkarbizitza eta bakerako oinarri funtsezkoak direla aldarrikatzea; hizkuntza berdintasunaren alde eta desabantaila egoeran dauden hizkuntzen garapenenerako tresna eraginkorra sortzea; hizkuntza komunitateak prozesu honetan subjektu gisa agertzea eta gizartea kudeaketa justu horren berme dela aldarrikatzea; eta, azkenik, Donostia eta Europako Kultur Hiriburua prozesu honetan mugarri garrantzitsua izatea.

Prozesuaren emaitza izango den protokoloa nazioarteko foro eta instantzietara eramango da eta harreman dinamika bat garatuko da, izaera anitzeko erakundeek hizkuntza aniztasunarekiko duten konpromisoaren arautzaile gisa erabil dezaten.

Etiketak: