Kontseiluko zuzendaritzak Deiadar manifestazioan parte hartzeko deia egin du
Hilaren 24an Baionan egingo da Euskal Konfederazioak eta Batera plataformak antolatutako manifestazioa, Euskara hizkuntza ofiziala! Euskal Herri elkargoa! lelopean. Kontseiluko zuzendaritzak euskaraz bizi nahi duten herritar guztiei bertan parte har dezaten gonbita luzatu die. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Xaho kaitik.
Ez da lehen aldia euskararentzat lege babesa aldarrikatuz mobilizazioak egin direla. Azken urteotan beste bi Deiadar manifestazio arrakastatsu egin dira. 2012ko deialdian egin zen moduan, aurten ere, egun berean Estatu frantziarrean aitortzarik ez duten beste hizkuntzen aldeko mobilizazioak ere egingo dira; hala nola, Montpelhièr-en, Karaez-en eta Aiacciu-n.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok “Frantziako Estatuak mendeetan zehar frantsesa babestu eta lurralde-hizkuntzen kontrako politika aplikatu izan du eta gaur egun ere halaxe egiten du”. Une hau, baina, berezia dela esan du Bilbaok eta aldaketarako aukera ere egon daitekeela esan du eta “horrek egiten du beharrezko herritarren erantzun positiboa izatea”, haren arabera.
“Une honetan, Frantziako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berresteko prozesua abiatua du eta momentu egokia izan daiteke beharrezko neurriak har daitezen euskararen ofizialtasunaren bidean”. Dena den, gogora ekarri du Euroituna berreste hutsak ez duela ziurtatutako hizkuntza-eskubideak babestea eta hizkuntza politika eraginkorrak aplikatzea, izan ere, batetik, Estatuak konpromiso-maila apalak hartzeko aukera izanen du eta, bestetik, konpromisoak hartu izanak ez du bermatzen beteko dituenik, Espainiako Estatuak egiten duen bezala” Euroituna berresteko aldarrikapena Frantziako Estatuak nazioartean dauden itunekin duen jarrera itxia salatzeko erabili izan du Kontseiluak, baina beti azpimarratu izan dugu lege koadro zein estatus egokia behar duela gure hizkuntzak euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko bada.
Bestalde, azken garaiotan indar handiz ari da lantzen Ipar Euskal Herrian errekonozimendu instituzionalaren beharra. Ipar Euskal Herriaren errekonozimendu instituzionalak, alegia Euskal Herriko elkargoak aukera emango luke hizkuntza-politika eraginkorragoak egiteko, antolatzaileek aldarrikatu dutenez.
Herritarrei ere egin die erreferentzia Kontseiluko ordezkariak. “Euskaraz bizi nahi dugun herritarrak gero eta gehiago gara. Hori agerian uzten dute bai egiten diren inkestek eta baita euskararen alde egiten diren mugimenduek izaten dituzten parte hartzaile kopuru handiak ere”. Berezko hizkuntzan bizitzea eskubidea da eta ondorioz, bere hizkuntzan bizi nahi duen herritarrak lege-babesa beharrezkoa duela aldarrikatu du Bilbaok, alegia, euskarak ofiziala izan behar duela bere lurralde osoan.
Iruzkinik ez "Kontseiluko zuzendaritzak Deiadar manifestazioan parte hartzeko deia egin du"