Lizarraldeko herritarrek ere Nafarroako eskualdaketarekin amaitu behar dela aldarrikatu dute
Iazko urrian Iruñerriko herritarren eskabideekin egin bezala, Lizarraldekoak ere Nafarroako Parlamentuko erregistroan entregatu dituzte. Herritarrek euren bizipenak kontatuz bete dituzte eskabideak. Egunerokoan euskaraz bizitzeko dituzten zailtasun eta trabak jaso dituzte bertan.
Lizarraldeko AEKko kide Susana Bidartek esan duenez, “argi geratu da euskaldunok Nafarroan pariatzen dugun bereizkeriak bere horretan jarraitzen duela, bizi garen lekuaren arabera aitortzen zaizkigu eskubideak eta horrekin amaitzea da gure helburua”.
Bazterkeria horren eragilea hizkuntza-eskubideen eskualdaketa dela ere esan du, zonifikazioa, alegia. “Eskatzen duguna da euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan”.
Eskabideak bete dituzten ehunka herritarrek askotariko kasuak aipatu dituztela esan du Bidartek “hasi hedabideetatik, Lizarraldean ezin baitugu toki askotan Euskadi irratia entzun edota ETB ikusi, adibidez; administrazioan baditugu traba pila bat euskaraz egiteko. Ospitalean sartu orduko hizkuntza paisaia erabat erdalduna da, gainera, orain dela urte batzuk egindako obren ondoren, euskarak presentzia txikiagoa du lehen baino. Hamaika adibide jaso ditugu. Herritar bakoitzak jarri ditu bereak”.
Lizarraldeko euskaltzaleak eskertu ditu Kontseiluko idazkari nagusiak eta nabarmendu du herritarrez hitz egiten ari garela. “Azaroan bezala gaur ere, eskabideekin herritarren bizipenak ekarri ditugu”.
Gogora ekarri du, halaber, Kontseiluak bide berri bati ekin diola esateko zein izan beharko lukeen euskararen estatusak Nafarroan. “Parlamentuan osatu berri den batzordearekin batera, bide propioa egin dugu eta tailerren bitartez herritarren iritziak jaso ditugu, elkarrekin proposamena osatzeko. Euskarari bidea eman behar zaio eta bide hori elkarrekin egin behar dugu. Euskaldunon eskubideak bermatuko dituen lege marko baten proposamena egingo dugu”. Herrietan landutako proposamena Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaio.
Iruzkinik ez "Lizarraldeko herritarrek ere Nafarroako eskualdaketarekin amaitu behar dela aldarrikatu dute"