Protokoloa gizarte zibilaren eta instituzioen arteko lankidetzarako tresna gisa aurkeztu da Transilvanian

2018ko ekainaren 01a Iruzkinik ez

TransilvaniaEuropako Kontseiluko Tokiko eta Erregioko Politiken Kongresuak (The Congress) Kontseiluko idazkari nagusia gonbidatu du Covasnan egindako biltzarrera.

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunak hogei urte bete duela probestuz, The Congress delakoak tokiko eta eskualdeetako hizkuntza-politikak izan ditu hizpide urteko biltzarrean. Kontseiluko ordezkariak gizarte zibilaren ikuspegia partekatzeko gonbidatu dute antolatzaileek: “Uste dut oso garrantzitsua dela Europako Kontseiluak gure erakundea gonbidatzea gizarte zibilaren iritzia agertzeko, eta hori Protokoloak nazioartean lortutako dimentsioari esker izan da” azaldu du Paul Bilbaok.

Izan ere, Bilbaok azpimarratu izan du Protokoloa dela egun Europan inoizko adostasun sozialik handiena duen proposamen politikoa, baina urrats berriak egin behar direla. “Gogoratu nahiko nuke, duela gutxi Protokoloaren Euskal Herriko Garapena aurkeztu genuela San Telmo Museoan, hain zuzen ere, Protokoloa euskararen betaurrekoekin irakurtzeko eta etorkizuneko estrategiak definitzeko dokumentu oso baliagarria da” azaldu du.

Bilbaok gizarte zibilaren eta botere publikoen arteko harremanak nolakoak beharko liratekeen proposatu du eta horretarako Protokoloa tresna ezin egokiagoa dela azaldu die bertaratu diren hamarnaka adituei: “Finean, hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak definitzeko oso garrantzitsua da botere publikoak eta gizarte eragileak elkarrekin joatea, eta bide-orria elkarrekin definitzea. Beti esan izan dugu hizkuntza baten normalizazio-prozesua soziala eta politikoa dela. Orain, bide hori egitea ahalbidetu dezakeen proposamen bat ere badagoela transmititu diegu bertaratutakoei” aipatu du Kontseiluko ordezkariak.

2016an Donostiako Kursaalen aurkeztu zenetik, bide oparoa egin du Protokoloak nazioarteko hainbat instituzioetan, eta gaurkoa urrats kualitatiboa izan dela gogoratu nahi izan du Bilbaok: “Europako Kontseiluko foroetan Protokoloa gero eta erreferentzia handiagoa hartzen ari dela ez dago zalantzarik” gaineratu du.