Nafarroako herritarren arteko berdintasuna berma dadin dinamika abiatuko du Kontseiluak

2017ko urriaren 11a Iruzkinik ez

EuskaraOfizialaNafarroaOsoan20171011Nafarroako hainbat herritan gauzatuko den ekimenaren berri eman du gaur Kontseiluak. ‘Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan’ izenpean garatuko den dinamikak euskaldunok Nafarroan bizi duten bereizkeria gainditzea du helburu, eskualdekatzearekin amaituz. Horretarako, euskarak lurralde osoan ofiziala izan behar duela aldarrikatuko da, Iruñerriko hainbat herritan herritarrengandik jasoko diren eskaeren bitartez.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak agerraldiari hasiera eman dio ‘aldaketaren’ legealdiaren erdia jada joan dela gogoratuz. Bi urteotan zenbait aldaketa gertatu direla esan du, hala nola, Gobernua euskara laneko hizkuntza gisa erabiltzen hastea edota euskararen sustapenerako plangintza bat diseinatzea. Eta ekimenik esanguratsuena izan dena, Euskararen Legearen moldaketa bat egitea, eremu mistoa delakoan dauden herriak gehitzeko (55 dira gaur egun).

“Edonola, euskaldunok pairatzen dugun bereizkeriak badirau, ez baitute indargabetu bereizkeriaren eragilea den eskualdekatzea”. Gogoratu du soilik eremu euskalduna deitutakoan dela ofiziala euskara. Gainontzeko bietan, “euskaldunok zailtasun handiak ditugu euskaraz bizitzeko. Herritarrok aitortua dugu euskaraz aritzeko eskubidea, baina erakundeek ez dute zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzeko beharkizunik”, gehitu du Bilbaok. Gaztelaniaz bizi nahi duenak, ordea, eskubide hori aitortua du lurralde osoan. “horrela, legez ezarrita dago nafarren arteko ezberdinkeria”.

Egoera horren aurrean, gogora ekarri du Bilbaok, alderdiei, legealdi hasieran, zein legearen moldaketaren garaian esandakoa: “nahitaezkoa da indargabetzea euskaldunon hizkuntza-eskubideen zonifikazioa. Injustizia egiten ari da euskaldunokin. Euskararen lege berria behar dugu”.

Aldarrikapen hori indartzeko, dinamika abiatuko da. Antsoainen, Berriozarren, Burlatan, Mutiloan, Sarrigurenen eta Iruñean gauzatuko da. Herri hauetako euskalgintzarekin batera egingo du ekimena Kontseiluak.

Sarrigurengo Aurkene Isasik, herri hauetako euskalgintzaren izenean, eremu mistoan zailtasun handiak dituztela euskaraz bizitzeko esan du. Horregatik, euskararen ofizialtasun osoa eskatzearen dinamika.

Prozedura ere azaldu du Isasik. Herri horietako herritarrek, hil honen amaieran, beren etxeko postontzian jasoko dute esku-orri bat. “Zonifikazioaren inguruko informazio euskarria izateaz gain, udalari eskaria egiteko eskabidea izango da. Herritarrak, bertan esplikatu ahal izango ditu euskaraz bizitzeko dituen zailtasunak, euskara ofizial izatea eskatzearekin batera”.

Eskabideak herrietan jasoko dira, bertan zehaztuta dauden lekuetan, azaroko lehen hiru asteetan. Ondoren, euskalgintzako taldeek beren Udalei eta Legebiltzarrari helaraziko dizkiete.

Xabi Gartziak, Kontseiluaren baitan biltzen den Nafarroako batzordearen izenean, bestalde, gogoratu du, “aldaketaren indarrek eremu mistoaren birtualitatea azpimarratu nahi izan duten arren, badakite hizkuntza-ofizialtasunaren araubidea berbera dela eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna deituetan”.

“Berdintasuna aldarrikatzen dugu. Nafar guztiak berdinak bagara beharkizun juridiko, administratibo eta fiskalei dagokienez, hizkuntza aukera berdinak izan behar ditugu ere, Nafarroako administrazio guztietan eta lurralde guztian”, gehitu du Gartziak.

Euskararen Lege berri duina eskatu du, nafar guztioi aitortzeko berezko hizkuntzan bizitzeko eskubide osoa, Nafarroa osoan.

Amaitzeko, alderdiei zuzendu die mezua: “erantzukizunez jokatzea eskatzen diegu Nafarroako alderdiei. Joan den ekainean bezala, aurreko astean ere entzun diegu esaten Legea aldatzeko prest daudela. Bada, ekin diezaiotela, berandu baino lehen. Beraien ardura da”.