Paul Bilbao: “Balio juridiko osoa kendu nahi diote euskarari”
“Orain dela hilabete batzuk, martxoan hain zuzen ere, leku honetan bertan eta gai beraren harira egin genien deialdia medioei. Izan ere, jorratu behar dugun gaia sobera ezaguna da guretzat, euskaldunontzat oro har. Estatuek euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiketan izan duten esku-hartzea ez da berria, mendez mende pairatu behar izan ditugu horrelakoak euskaldunok, euskal hiztunok. Gertatzen dena zera da, azkenaldian aspaldiko erarik agerikoenean ari direla bi Estatuak, inolako mozorrorik gabe. Frantziako Gobernuko ordezkari Patrick Dallennes eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkixo gelditu gabe ari dira euskaraz bizitzeko nahia egikaritzeko hainbat administrazio hartzen ari diren urratsak zapuzten. Nafarroako kasuan ere, Nafarroako Gobernuaren bitartez Baztanen izan dugu adibidea, ordenantzei helegitea jarriz” horrela hasi du prentsa agerraldia Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak.
Carlos Urkixo orain dela hilabete batzuk hasi zen zenbait udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurkako neurriak hartzen eta Patrick Dallennes joan zitzaion atzetik Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana salatuz. Bada, azken egunotan eraso berriak egin dituzte bi Estatuek. Orain dela bi egun Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatzeko erabakia. Urkixok bere aldetik, UEMAn dauden 15 udalen aurkako helegiteak jarri ditu Estatu espainiarreko gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzeagatik. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara plana ere auzitara eraman du.
Bilbaok salatu duenez, “euskarari balio juridiko osoa kendu nahi zaio. Izan ere, euskararekin batera beti gaztelania edo frantsesa agertzera derrigortu nahi dute, euskarari soilik apaingarri estatusa aitortuz”.
Honetan guztian erantzula bat baino gehiago dagoela ere esan du. “Erantzukizunak partekatuak dira. Arduradun politiko bakoitzak du bere ardura arlo honetan”. Ildo horretan, alderdi, instituzio… arduradunekin harreman erronda egingo du Kontseiluak, dagokien ardura eskatuz eta erantzun bateratua emateko deialdia eginez.
Kontseiluko batzarrak 2012an onartutako Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena dokumentuak, jadanik ezarri zituen Estatuekiko izan beharreko harremanetan zeintzuk diren minimoak. Bi eskubide jasotzen dira aipatutako dokumentuan: lehena, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea da; izan ere, hizkuntza-komunitateak eskubidea du bere hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe. Eta bigarrena, hizkuntzaren estatus egokia da (berezkoa, lehentasunezkoa, ofiziala eta ezagutu beharrekoa).
Kontseiluko zuzendaritzak helegiteak jaso dituzten udaletako arduradunak zein Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak oztopoen gainetik aurrera egiteko adierazi duten asmoa txalotu du. Ildo horretan, bereziki zoriondu ditu UEMAko udaletako arduradunak Alegia, aktak euskaraz bidaltzen jarraitzea erabaki dutelako. Izan ere, horrek alboko kalte ondorioak ekar ditzakeela aurreikus daitekeen arren, euskaraz bizitzeko nahiari irmotasunez heldu diotelako.
“Kontseiluak erabaki desegokiak hartzen direnean gaitzesten dituen bezala, instituzioek hartzen dituzten erabaki egokiak, hizkuntza-politika eragingarria egitea helburu dutenak, alegia, txalotu egiten dituela eta adierazi nahi diegu bide horretan lanean jarraitzen baldin badute euren ondoan izango gaituztela gure babesa eta laguntza eskaintzen; izan ere, Kontseiluaren ustez, hizkuntza bat normalizatzeko beharrezkoa da gizartearen esparru guztiak inplikatzea eta ildo horretan bidea urratzeko elkarlana ezinbesteko baldintza da. Horregatik, hizkuntza politika-eragingarrirako bidean urratsak eman nahi dituzten guztiei gure eskua luzatu nahi diegu”, adierazi du idazkari nagusiak.
Amaitzeko, herritarrei ere dei egin die, euskaraz bizitzeko duten nahia egikaritzen jarrai dezaten eta kasu konkretu honetan otsailaren 28an egingo den deialdian parte har dezaten. Ildo horretan, epe laburrean erabakiko du Kontseiluak zein motatako erantzuna eman eta deialdien berri emango du, baina argi esan du Bilbaok agerraldian “une hau erantzun bateratuak emateko garaia da, afera hau ez da soilik epaitegietan jorratzen. Inoiz baino gehiago beharrezkoa da herri gogoa aktibatzea eta erantzun bateratua ematea”.
Iruzkinik ez "Paul Bilbao: “Balio juridiko osoa kendu nahi diote euskarari”"