Paul Bilbao: “Gaur sentitu ditugun emozioa, poza eta determinazioa baliatuko ditugu aldaketa eragiteko”

2015ko apirilaren 25a Iruzkinik ez

Ekitaldi parte-hartzailea, emozioz betea eta beroa izan da Kontseiluak euskaraz bizitzearen alde  Anaitasunan egindakoa. Nafarroan hizkuntza-politiketan aldaketaren beharra agerian geratu da herritarren bizipenen bitartez. Paul Bilbaok ardura politikoa dutenei eskaera garbia egin die eta Nafarroan aipatzen den aldaketa hori hizkuntza-politiketan erroko aldaketa ematen baldin bada gauzatuko dela aldarrikatu du. Bestetik, orain arte milaka herritarrek eta euskalgintzak egindako lan handia eskertu eta aurrerantzean ere lanean, indartsu eta zoriontsu jarraitzeko deia egin du. Kapital humano handia dugula ere aipatu du, Kontseiluko bazkideak dira horren adierazgarri eta Anaitasuna horren isla izan dela gehitu du. Guztiok mezuaren hedatzaile izan gaitezen gonbita luzatu du.  

Ap25aNAHItasuna-1

Euskaraz bizi nahi duten herritarrak izan dira gaur protagonista euskaraz bizitzeko eskubidearen alde Iruñeko Anaitasunan egindako ekitaldian. Maialen Huarte eta Juan Kruz Lakasta irrati esatariek saio berezia egin dute Anaitasunatik bertatik eta hau izan da ekitaldia josi duen haria. Euskararen normalizazioak urratsak eman ditzan lan andana egin dute herritarrek urte hauetan guztietan eta horren erakusleiho izan da gaurkoa.

Korrika, Errigora proiektua, Hamaika argi ekimena…ekarri ditugu Anaitasunara eta bertan parte hartu dugu. Olatua egin dugu, kantatu, txistu egin, irri, negar… “Beltzekoak” pertsonaiek normalizaziorako behar ditugun lau zutabeak eraitsi dituztenean eraiki ditugu… Oier Zuñigak eta Anabel Arraizak dinamizatuta. Julio Soto eta Alaia Martin bertsolarien laguntzarekin herritarrek euren bizipenen berri eman dute. Demode Quartet taldeak jarri dio doinua ekitaldiari.

Une hunkigarriak ere izan dira. Izan ere, Nafarroa hegoaldean haurrak euren herrian euskaraz ezin eskolatu dituzten gurasoak egon dira bertan. Milaka kilometro egin behar izaten dituzte euskaraz ikasi ahal izateko. Horietako bidaia batek ondorio latzak utzi zituen, Adrian Marturet Asiainek istripu batean bizia galdu baitzuen. Haren gurasoei omenaldia egin zaie ekitaldian.

Idazkari nagusi Paul Bilbaok egin du azken hitzartzea. Kontseiluko bazkideen ordezkariak izan ditu berarekin batera oholtzan. Eskerrak ematen hasi du bere azalpena. Askotan atera izan garela kalera esan du, euskarak eta euskaldunok bizi dugun bereizkeria salatzeko, baina gutxiegi hartzen dugula denbora egindakoa aztertu eta hori eskertzeko. “Horretarako ere eskaini nahi genuen gaur Anaitasuna. Elkarri begiratu, elkarri irribarre egin eta zera adierazi: bai Aurrera egin dugu, egin dugu, egiten ari gara eta, zalantzarik gabe, egingo dugu. Izan ere, urteetako lan honek guztiak merezi izan du eta merezi izango du, euskaraz bizitzea merezi duelako”.

Aldaketaren beharraz hitz egin du ondoren: “Aldaketaz ari garela, egia da, bai, Nafarroan aldaketa behar dela. Mezu hori gero eta gehiago ari gara, ikusten, entzuten, sentitzen. Eta zer esan behar dugu guk horren aurrean: noski. Aldaketa ezinbestekoa da. Halere, kasu! Aldaketa ez da benetakoa izanen, euskarak ez badu zentralitatea hartzen. Geu ere aldaketa premian gaude, baina euskara ardatz izango duen aldaketa.

Lau zutabe izan ditu oholtza gainean hitzartzea egin duen momentuan eta hauen esanahia azaldu du idazkari nagusiak: “Ikusi duzuenez, lau zutabe dugu oholtza gainean. Bota dituzte, baina berriz ere zutik jarri ditugu. Bota, bai, baina zutik beste behin… Izan ere, gure hizkuntza berreskuratuko bada, lau zutabe sendo behar ditu, eta aldaketa emango bada, zutabe sendoak ahalbidetuko dituen hizkuntza-politika batek ekarriko du. Gurea bezalako hizkuntza bat berreskuratzeko hori da dagoen modu bakarra”.

Lehenengo zutabearen esanahiari dagokionez, zer esan du: “Gurea bezalako hizkuntza bat berreskuratuko badugu lege marko egokia behar dugu. Inorentzat ulergarria litzateke Baztango herritarrei zerga gehiago ordainaraztea eta Tuterakoei gutxiago? Inoren buruan sar daiteke lurralde berean, bizi zaren herriaren arabera aitortzea hizkuntza-eskubidea? Nafarroako legeak hori ahalbidetzen du. Are Hortaz, aldaketa egongo bada legerian sakoneko aldaketak egin beharko dira herritarren arteko bereizkeria eragingo ez duen legeria eta euskaraz bizitzea posible egin dadin behar dugun babes juridikoa jasotzen duen arauak beharko ditugu. Eta hori izango da aldaketa.”

Hizkuntza-politikak zerbait planifikatua behar du izan, gure eguneroko bizitza planifikatzen dugun bezalaxe. Bigarren zutabeak horri egiten dio erreferentzia. “Orain arte Nafarroako Gobernuak ez du inoiz administrazioa euskalduntzeko plangintzarik egin; nahiz eta egia da, bai, Nafarroako Gobernuak politika planifikatua izan duela euskaldunak are gehiago zokoratzeko. Horrexegatik, aldaketak hori guztia izan behar du kontuan”.

“Euskaraz bizi nahi dugula esatean gauza asko esaten ari gara: osasun asistentzia euskaraz nahi dugula, euskarazko hedabideak nahi ditugula, aisialdia euskaraz gozatu nahi dugula, kontsumitzaile gisa ere euskaraz jardun nahi dugula, euskaraz lan egin nahi dugula, euskaraz ikasi nahi dugula, unibertsitatea eta lanbide heziketa ere euskaraz nahi ditugula, euskarazko kultura nahi dugula… Eta hori guztia lortzeko hizkuntza-politika planifikatua behar da”, gaineratu du.

Hirugarren zutabearen esanahia azaldu du ondoren Bilbaok. “Eta euskaraz biziko bagara, herri hau euskaraz biziko bada inbertsioak egin behar dira. Eta, bai, ondo entzun duzue, ez dut gastu hitza aipatu. Izan ere, euskararen alde dirua jartzea inbertitzea delako: Elkarbizitzan inbertitzea, kohesioan inbertitzea… Baliabide egokiak jarri behar dira eta egoki kudeatu behar dira”.

Hiru zutabe hauek ez daudela bat ere sendo esan du Bilbaok. “Zutabe ahulak dira, eta aldaketak zutabe hauek sendotu egin beharko ditu”.

“Halere, badugu laugarren zutabe hau. Izan ere, hizkuntza bat berreskuratuko da, baldin eta hori nahi duen komunitate bat badago atzean. Zutabe honek hori adierazten du: herri gogoa, euskaraz bizi nahi duen herria! Eta, zer esanik ez dago, zutabe sendoa dela, zutabe irmoa! Zuetako bakoitzak, gutako bakoitzak indartzen du egunero zutabe hau. Zuon guztion eta beste milaka herritarren konpromisoari eta lanari esker eusten dio sendotasunari zutabe honek. Ekitaldian zehar horren hainbat adibide izan dugu. Eta hemen goian ditudan pertsonek ordezkatzen dituzten eragileek ere horretan jarraitzen dute”.

“Eta horrexegatik, orain arte izandako konpromisoa, orain arte egin dugun lan guztia kontuan hartuta, berretsi ahal dugu geuk geure zutabea are gehiago sendotuko dugula, baina ezinbestekoa da beste hiru zutabeak behar bezala sendotzea eta eraikitzea. Ez da nahikoa izango zutabeetan porlan apur bat jartzea. Hiru zutabe berri eraiki behar dira, eta horrela, bai, Nafarroan aldaketa izanen da”.

Amaitzeko, lanean jarraitzeko gonbita luzatu du “Lagunok, jarrai dezagun lanean. Orain arte bezalaxe, gure ilusioa, indarra, determinazioa jartzen jarraituko dugu. Gaur sentitzen ari garen emozioak, pozak… indar guztia balia dezagun lurraldearen luze zabalean ideia hau hedatzeko. Gutako bakoitza bihurtu behar dugu honen guztiaren bozeramaile: alderdi politikoetan, sindikatuetan, kirol taldeetan, auzo elkarteetan… horiei guztiei ere argi helarazi behar diegu nola izan behar duen aldaketak. Jarrai dezagun lanean, indartsu eta zoriontsu”.

Etiketak: