Paul Bilbao: “Lanean jarraitzeko indar hartze ariketa izango da Anaitasunakoa”

2015ko apirilak 22 Iruzkinik ez

Kontseiluko kideek larunbateko ekitaldian parte hartzeko deia luzatu diete euskaraz bizi nahi duten herritarrei. Urte hauetan guztietan herri mugimenduaren eta antolatu gabeko herritarren lan boluntario eskergak ekarri du euskara eta ekarri gaitu gu guztiok hona. Hori gabe, dudarik gabe askoz ere egoera makurragoan egongo ginateke. Ezinbestekoa izan den lan hori, aurrerantzean ere beharrezkoa izango dela nabarmendu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Eta Anaitasunako ekitaldia gu guztiontzat indarra hartzeko ariketa izango dela nabarmendu du.

euskalgintza_800

Euskaraz bizitzeko nahia. Hori da heldu den larunbatean Anaitasuna kiroldegian bilduko garenok elkar lotzen gaituena. Nahi hori errealitate bihur dadin lan egiten dugu egunero gaur hemen bildu garenok, euskalgintzako kideok. Eta gurekin batera milaka norbanakoek ere. Guztiok batera urte luzetan egin dugun lanak ekarri gaitu hona. Izan ere, antolatutako ekitaldiaren helburuetako bat euskaraz bizi nahi duten pertsonei, izena eta izana duten horiei guztiei, normalizazio prozesu honetan protagonista nagusiak izan direla esan nahi diegu. Eta nola ez, hori eskertu nahi dugu larunbateko ekitaldian. Euskararen normalizazioaren motorra izan dira eta oztopoen aurrean haiek eman digute guri aurrera egiteko indarra, adorea eta kemena.

Aurrerantzean ere horrela izan dadin gonbidatu nahi ditugu guztiak. Izan ere, jakin badakigu bidea, malkartsua eta oztopoz betea aurkituko dugula. Aitzitik, Anaitasunan elkarren artean egonda, elkarri energia transmitituz, indarberrituta aterako gara eta Nafarroan behar dugun aldaketa bultzatzeko adorea eta kemena berrindartuta lanean jarraitzeko konpromisoa hartuko dugu.

Aldaketaz hitz egiten da etengabe azken aldian eta argi adierazi nahi dugu Nafarroan eman behar den aldaketa hizkuntza-politikak iraultzetik etorriko dela. Hizkuntza-politiketan erroko aldaketarik gabe ez da aldaketarik egongo. Zein bide egin behar dugun aurkeztuko dugu larunbatean.

Lehenago ere esan izan dugu hizkuntza baten normalizazioak ikuspegi politikoa eta soziala dituela eta hau lau zutabe nagusitan eusten dela. Corpus juridikoa, plangintzak, baliabideak eta herri gogoa. Azken hau,  ezbairik gabe ziurtatuta daukagu, alegia, euskaraz bizi nahi duten herritarrak lanerako prest ditugu eta euskalgintzak hori aktibatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartua du. Beste hiruak, arlo politikoari dagozkio eta horiek, ardura politikoak dituzten horiek bete beharrekoak dira. Guztiok ditugu ardurak prozesu honetan eta bakoitzak bete behar du dagokion mailan. Hori da espero duguna.

Ekitaldi berezia prestatu dugu larunbaterako, gure burmuinean iltzatuta geratzen diren gertakari horietako bat izango dela pentsatzen dugu. Ilusio eta gogo handiz prestatu dugu guztia eta hori transmititu nahi diegu herritarrei. Indarrak berritzeko ariketa kolektiboa egingo dugu Anaitasunan. Guztiok izango gara protagonista, normalizazio prozesuan izango garen bezalaxe.  Datozen urteotan lanean jarraitzeko energia berrituak emango dizkigunak. Bada, etorri parte-hartzeko, txalo egiteko, barre egiteko… gogoz!

Etiketak: