Paul Bilbao: “Zer gertatzen ari da Nafarroako Euskararen Legearen aldaketarekin?”

2018ko abenduaren 13a Iruzkinik ez

EuskararenLegeak32_20181213Nafarroako Euskararen Legearen 32. urteurrenaren testuinguruan agerraldia egin du Kontseiluak. Ildo horretan egindako lanaren balantzea egin du eta galdera zehatza egin dio Parlamentuari, Euskararen Legearen inguruan zer gertatzen ari den. Kontseiluaren baitan biltzen den Nafarroako batzordeak lagunduta egin du agerraldia Paul Bilbao idazkari nagusiak.

“Duela hiru urte Nafarroako Parlamentuan Kontseiluak eta berau osatzen duten bazkide andanak esan genuen ez genuela legearen hogeita hamargarren urteurrena ospatzerik nahi. Duela bi urte, Condestablearen jauregian luma bat eman genion eskura Parlamentuko presidente andreari lege berri bat idazteko konpromisoa har zezaten. Iaz, tamalez, ez genuen aukerarik izan legearen inguruan ezer esateko, euskaldunak diskriminatzen dituen zerrenda bakarraren afera pil-pilean zegoelako. Eta hori ere Europako Kontseiluko adituei zuzenean esan diegu: Politikariek hartzen dituzten erabakien ondorioz Nafarroan euskaldunak zigortzen direla. Eta, berriz ere, Euskararen Legearen urteurrenaren bueltan gaude”, esan du Bilbaok. Larunbatean beteko ditu 32 urte Euskararen Legeak, lehen Vascuencearen legea zenak.

“2015ean uste genuen Aldaketak Legearen aldaketa integrala ekarriko zuela. Guk erantzukizunez jokatu dugu hasieratik bertatik, eta gure helburua izan da Aldaketa sostengatzen duten alderdiek Lege berria desadostasunen kaxatik atera lege berri baten eztabaida mahai gaineratzeko”.

“Aldaketarik egon al da?”, galdetu du Kontseiluko eledunak. Iaz Euskararen Lege Berria jorratzeko Batzorde Bereziaren sorrera onartu izanak leiho berria zabaldu zuen, are gehiago, legearen printzipio iradokitzaileak zein ziren kontuan hartuta. Atzerapenez bada ere, ekin zion Batzordeak lanari, sei hilabeteko epean proposamena aurkeztu behar zuelakoan.

“Adituak eta arituak izan gara proposamenak egiten. Gure ustez, hiru hitz gailendu ziren eztabaida horretan: Justizia, kohesioa eta berdintasuna. Gaur da eguna zeinean ez dakigun zer gertatzen den batzorde horretan, eta hori ere gaurko agerraldian plazaratu nahi dugu. “Zer gertatzen ari da? Berriz ere bik baldintzatuko al dute guztia? Zein gehiengoren zain gaude? Parlamentuak agindutakoa bidaliko al zaio Parlamentuari eztabaidatzeko?”

Halaber, gogora ekarri du Bilbaok, urte hauetan guztietan herritarrek, herri mugimenduarekin batera egin duten lan andana, proiektuak eta tresnak sortuz. Eta, zenbat aldiz atera den jendea kalera bidezko aldarrikapenak egitea.

Aurtengoa urte proposaitiboa izan da Kontseiluarentzat, Bilbaoren hitzetan. “Nafarroako ipar-hego-eki eta mendebaldeko herritarrekin egon gara eta haien iritziak jaso ditugu. Euskaraz bizitzeko oztopoez gain, horri aurre egiteko bidea zehazten lagundu digute. Euskararen Lege Berri baten ardatz nagusiak non egon beharko liratekeen idatziz proposatu dugu. Are gehiago, Iruñerrian eta Lizarraldean ehunka herritarren bizipenak jarri ditugu Parlamentarien esku. Orain, beraz, galdera bat besterik ez zaigu geratzen: Ba al goaz aurrera?”

Urtea amaitzear dugu, eta pare bat hilabete barru Nafarroako Parlamentua desegingo da. Entzun ere egin dugu legegintzaldi honetan orubea prestatu nahi izan dela, hurrengo legegintzaldian Euskararen Lege Berria ereiteko.

“Egia esan, euskaraz bizi nahi dugunok premia dugu, presa dugu hogeita hamabi urteko bidegabekeriari amaiera eman dakion. Gu, hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu, gaur, bihar, hauteskunde kanpaina aurretik, hauteskunde kanpaina ostean, eratuko den Parlamentu berriaren ostean …”, gaineratu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Eskatu du, baita ere, hurrengo hilabeteetan herritarrei esatea zein izango diren hurrengo legegintzaldiari begirako erronkak. “Hori zor zaigula uste dugu. Finean, guk jarraituko dugu hizkuntza-eskubideen, justiziaren, kohesioaren eta berdintasunaren afera erdigunean jartzen, harik eta hizki larriz idatzitako aldaketa erdietsi arte. Horretan jardungo dugu hurrengo hilabeteotan”, Bilbaoren hitzetan.

Erregio edo Gutxiengoen Europako Itunaren balorazioaren gauden honetan, Itun horren 7.2. artikulua ekarri du gogora, agerraldia amaitzeko. Erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen eta gainerakoen arteko berdintasuna lortu asmoz edo hizkuntzan egoera berezia kontutan izan dadin hartutako aldeko neurri bereziak, ez dira indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan egindako bereizkeriatzat hartuko. “Nafarroa osoan ere derrigorrez aplikatu beharreko artikulu hori erreparatzeko eskatu nahiko genuke”.