Protokoloa eta Euroitunaren arteko osagarritasuna hizpide Budapesten

2017ko azaroak 15 Iruzkinik ez

IMAG1497Hungariako Gobernuak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren 25. urteurrena ospatzeko konferentziara gonbidatu du Kontseiluko idazkari nagusia

Hungariako Gobernuko Kanpo Harremanetarako Ministerioak antolatu du aipatu Konferentzia eta Europako hainbat adituk hartu du parte. “Euroitunak hogeita bost urte bete dituela-eta, garrantzitsua da tresna horrek orain arte emandakoa aztertu, etorkizunari begirako neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko” adierazi du Kontseiluko eledunak.

Izan ere, Ministerioak Kontseiluko idazkari nagusia konferentziara gonbidatu du eta Bilbaok hitzaldian gogorarazi du egun ez dagoela Europa maila herritar guztien hizkuntza-eskubideak behar bezala aitortzeko eta bermatzeko mekanismo eragingarririk. “Ez Nazio Batuen Erakundeak, ez Europako Kontseiluak eta are gutxiago Europako Batasunek, batek ere ez du hizkuntza-eskubideak eskubide subjektibo substantibotzat hartzen duen itunik, eta horrek zailtzen du herritarrak lurraldeko hizkuntza gutxituan bizi ahal izatea” azaldu du Kontseiluko arduradunak.

Hori dela-eta, Bilbaok Donostian onartutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa eredu gisa aurkeztu du Budapesten. Izan ere, Protokoloak neurri zehatzak agertzen ditu, eta beraz, erraza da neurri horiek zein mailatan betetzen diren egiaztatzea. Horretaz gain, Bilbaok gogorarazi du hogeita hamar hizkuntza gutxituren berreskurapenaren alde lan egiten duten ehunetik gora eragileren proposamenarekin osatu zela aipatu Protokoloa.

“Protokoloa tresna praktikoa da, eta erabat baliagarria da Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren ebaluazioak eta monitorizazioak egiten direnean, gomendioak nola bete modu praktikoan erakusteko. Neurri zehatzak diren heinean, borondate politikoa baldin badago, botere publikoek bide-orri zehatza izango lukete eskubideak bermatzeko” gaineratu du Bilbaok.

Amaitzeko, Kontseiluko ordezkariak adierazi du poztekoa dela nazioarteko instituzioetan Protokoloa gero eta erreferentzia handiagoa hartzea “Espero dezagun, berandu baino lehen, agintari publikoak Protokoloa behar bezala betetzen hastea” esan du.

 

Budapesten, 2017ko azaroaren 14an