Protokoloarekiko atxikimendua berretsi du ELENeko Batzar Nagusiak Valentzian
Europako hizkuntza gutxituen normalizazioaren alde lan egiten duten hamarnaka eragileren bilgune de ELEN (Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarea) erakundeak urteroko Batzar Nagusia egin du Valentzian, eta bertan ELENeko lehendakariorde eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du parte.
Batzar Nagusiaren bezperan Valentziako Unibertsitateko errektore-ordeak eta Valentziako Hizkuntza Politiketarako Zuzendari Nagusiak harrera egin zieten eragileetako ordezkariei. ELEN instituzioen aurrean gero eta prestigio handiagoa hartzen ari den seinale.
Batzarren Kontseiluko ordezkariak “Hizkuntza-eskubideak eta hizkuntza araubidea” delako atalean hartu zuen parte, eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa praktika egoki gisa aurkeztu zuen. “Kontuan hartu behar dugu Protokoloak hainbat eragileren sostengua izateaz gain, ELEN bera Jarraipen Batzordeko kidea dela, eta beraz, Protokoloaren sorreratik aldarrikatu du etorkizunari begirako tresna eragingarria dela” adierazi du Kontseiluko ordezkariak.
Horretaz gain, beste hainbat gai izan dituzte hizpide, besteak beste, Brexitak hizkuntza gutxituetan izango duen eragina, EBk oinarrizko eskubideen urraketen aurrean duen jarrera etab. “Batzar Nagusia foro ezin hobea da horrenbeste ikuspegi dugun eta horrenbeste errealitatetik gatozen eragileak iritziak partekatzeko eta adostasunak bilatzeko” gain
Gainera, ELEN familia handituz doala ikusi dute Valentziako Batzar Nagusian, izan ere, katalanaren aldeko beste erakunde batzuk kidetzeaz gain, sardinieraren eta frisieraren aldeko gizarte eragileak ere ELENeko kide bihurtu dira. “Horrek esan nahi du, instituzioen aurrean ez ezik, gizarte eragileen aurrean ere erreferentzia duela ELEN sareak. Pixkanaka indartuz doan erakundea da, eta hori oso garrantzitsua da Europa mailako lobby lana egin ahal izateko” esan du Bilbaok.
Bestalde, ELENeko Batzar Nagusiak zenbait ebazpen onartu ditu, besteak beste, ELENen adituen sarea sortzekoa, ELENekin harreman handia izan duen eta Protokoloko Batzorde Zientifikoko kide izandako Fernand de Varennes zoriontzea NBEko Gutxiengoen Aferetarako Aditu izendatu dutelako, Kataluniari buruzkoa, bai eta Galizian eremu sozioekonomikoan eragiteko abian jarritako ekimena babestekoa ere. ELENeko bazkide ÒMNIUM erakundea, eta bere lehendakaria ere gogoan izan dituzte.
Azkenik, hurrengo urterako zuzendaritza-batzordea berretsi dute parte hartzaileek. Horrela, Kontseiluko ordezkaria beste urte batez jarraituko du erakundeko lehendakari-orde eta NBEko harremanen ardura kudeatzen.
Iruzkinik ez "Protokoloarekiko atxikimendua berretsi du ELENeko Batzar Nagusiak Valentzian"