Uda garaian ere osasungintza arloan atzerapausorik ez dutela onartuko aldarrikatu dute

2015ko ekainaren 03a Iruzkinik ez

ona

Osasun alorrean hizkuntza-eskubideen urraketa etengabea da. Egoera hori okertu egiten da nabarmen hainbat momentutan, zerbitzuen berrantolaketak edota langileen ordezkapenak euskara kontutan hartu gabe egiten direnean, adibidez. Uda garaian arazo horiek handitu egiten dira. Adibidez, iazko udan langile elebidunak erdaldunekin ordezkatu ziren hainbat kasu ezagutu genituen. Aurten, egoera hori errepikatu ez dadin, prebentzio lana egin dezaten eskatu diete Osakidetzari zein Osasunbideari hainbat eragilek: Kontseiluaren baitan biltzen den osasungintza lantaldeko (Behatokia, EHE, OEE, Topagunea eta UEMA) kideekin batera, LAB sindikatuak, Medikuntzako Asanbladak eta Berdin elkarteak. Herritarrek osasun asistentzia euskaraz jasotzerako orduan dituzten arazoak jakinarazteko bidea errazteko asmoz formularioa sortu dute, www.euskarazbizinahidut.eus webgunean.

Hizkuntzen normalizazio prozesuetan Osakidetza edo Osasunbidea bezalako zerbitzuen euskalduntzearen garrantzia handia da. Alde batetik, egunero milaka herritarrek erabiltzen duten oinarrizko zerbitzua delako eta bestetik, bertan milaka langilek lan egiten dutelako. Gainera, herritarren ikuspegitik osasun asistentzia oinarrizko eskubidea dela ere gogoratu behar dugu. Bestetik, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak honakoak esaten dituela ere gogoratu behar dugu: 1)Hizkuntza komunitate bateko edozein kidek eskubidea du bere hizkuntzan erlazionatzeko eta harrera izateko hizkuntza hori berezkotzat duen lurraldean bere baitan dauden botere publikoen eta administrazio-dibisioen aldetik…” 2) Pertsona orok du eskubidea lan edo lanbide jarduerak lurraldearen hizkuntza propioan garatzeko.

Aitzitik, gaur egun, osasun alorrean hizkuntza-eskubideen urraketa etengabea da. Horrela egiaztatzen du urtez urte Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egiten duen urteko txostenak, zeinak osasun alorra beltzune izendatzen duen urterik urte. Eta guk, euskaldunon osasunerako eskubidea, euskaldun gisa errespetatua izan dadin nahi dugu.

Hutsuneak osasun alorraren arlo desberdinetan ematen badira ere, langileen kontratazioei egin nahi diegu erreferentzia oraingoan. Izan ere, langile elbidunen kontratazioan hutsune handia dago oraindik. Hutsune hau, gainera, are gehiago okertzen da ordezkapenen kasuan, izan ere, urte osoan zehar eta udaran bereziki ordezkapenetan ez dira hizkuntza-eskubideak aintzat hartzen. Izan ere, ordezkatzen den lanpostuko eta berau kokaturiko zerbitzuaren euskalduntze mailan atzerapausoak ematen dira sarritan.

Administrazioak, kasu honetan Osakidetzak eta Osasunbideak, hartu behar dituzte dagozkien neurriak herritar eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen, ezin baitugu ahaztu administrazioei dagokiela eskubideak bermatzea, baita hizkuntza-eskubideak ere. Ildo honetan, aipatu nahi dugu aukera bat galdu duela Osakidetzak euskalduntzerako 2. plangintzaldian eta ez zuelako kontuan hartu aurrekoak eman zituen ondorioak eta berriz ere, beste urte batzuetan egoera hau luza dadin eragiten ari da. Hori agerian geratu zitzaigun 2014ko udan.

Iaz, hainbat osasun zerbitzuetan gertatu ziren arazoei irtenbide partzialak eman zizkien Osakidetzak, beti ere herritarrek eta hainbat herritako eragile eta instituzioek elkarlanean egindako presioak eraginda. Baina argi esan nahi diegu ezin dugula denbora gehiagoz egoera hau onartu eta aurten horrelakorik ez gertatzea espero dugula; alegia, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea espero dugu. Ez dugu onartuko, iaz gertatu zen moduan azaleko konponbideak ematea, erroko aldaketa behar dira benetan hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen. Era berean, ez da onargarria leku batean sortutako hutsunea betetzeko beste batean hutsunea eragitea, beti ere langile elebidunak zigortuz, Arrasaten egiten asmoa duen moduan.

Aurretik esan izan dugun moduan, Osakidetzaren eta Osasunbidearen euskalduntze prozesuek ongi antolatutakoak izan behar dira, plangintzatuak eta baliabidez hornitutakoak. Besteak beste, zerbitzuen antolaketan neurriak hartu, langileria euskalduntzeko egitasmoak abiatu eta lana euskaraz egin ahal izateko bitartekoak ezarri behar dira. Bestalde, gauden garaian egonda, ez da onargarria, oraindik ere euskaraz lan egin eta zerbitzua euskaraz emateko gaitasunik gabekoak kontratatzeko bidea zabalik egotea. Osakidetzaren kasuan, benetako euskalduntzea baldin bada helburua, jadanik neurri estrategiko horiek hartu behar dira.

Osasungintza euskalduntzeko bide horretan, eremu euskaldunak, UEMAk ordezkatzen dituen udalerriak, lehentasunezkoak izan beharko lukete, bereziki hauskorrak diren herriak direlako eta bertako errealitate soziolinguistikoari kaltea eragin diezaiokeelako. Horretaz gain, Osakidetzako unitate eta zerbitzu guztietan, kontratazio ebentuala egitean honakoa bermatuko da: zerbitzu edo unitateetako normalizazio egoeran atzerapausorik ez ematea inongo kasutan.

Osasun alorrean oso ezaguna da prebentzioa. Eta osasungintzako arduradunek aski ongi dakite prebentzioa beti dela egokiagoa zaintza aringarriak baino. Hortaz, euren eguneroko jardunean erabiltzen duten oinarri horietako bat euskalduntzean aplikatzea eskatzen diegu. Osasun zerbitzuak euskalduntzeko lanak hezkuntza prozesutik bertatik hasi behar du. Izan ere, une honetan ikasle euskaldunek zailtasun handiak dituzte euren ikasketak euskaraz egin ahal izateko; zailtasun hauek gainera, formazio prozesuan aurrera egin ahala handitu egiten dira. Formazio euskaraz bermatzearekin zerbitzuak euskaraz eman ahal izatea eta pertsona horiek euskaraz lan egin ahal izatea bermatuko litzateke; erabiltzaile zein langileen hizkuntza-eskubideak bermatuz. Ondoren, prebentzio-lanari eutsiz kontratazio politikek epe onargarri batean osasungintza euskalduna bermatuko dituzten profesionalak, herritar eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatuz horrela, kontratatzea bermatu behar dute.

Amaitzeko, herritar eta langileei dei egin nahi diegu euren osasun asistentzia euskaraz jaso edota lanean euskaraz aritzeko zailtasun edo oztopoak baldin badituzte, euren kasua jakinarazi dezaten. Horretarako gure webguneetan formulario bat betetzeko lotura izango dute, informazioa guri helarazi, behar diren bitartekoak har ditzagun. Formulario honekin osasun zerbitzuetako langile zein erabiltzaileei ordezkapen masiboen garaian euren kexak egiteko bidea erraztu nahi diegu. Izan ere, ohikoa denez, hauen kudeaketa Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egingo du, horrela dagokion kasuetan. Gure helburua osasun etxeetan gertatzen diren egoeren berri modu azkarrean jasotzea da.

Etiketak: