Udaletako hizkuntza-politikaren azterketa berria: neurri betearazleak aplikatzen direnean emango da hizkuntza-politika egokia
Udalen hizkuntza-politikaren hirugarren azterketa aurkeztu du Kontseiluak. 2006 urtean hasi zen udalei laguntzea helburu duen tresna honekin lanean. Oraingoan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako udalerriak aztertu dira, izan ere, lurralde bakoitzaren ziklo politikoak jarraituz egin da hirugarren azterketa hau. Orotara 119 udalerritan gauzatu diren hizkuntza-politikak aztertu dira. Ondorio nagusia hizkuntza-politika definitzen duten neurrien arteko desoreka da, Paul Bilbao, idazkari nagusiak esan duenez; izan ere, orokorrean sustapenaren aldekoak, alegia izaera asistentziala dutenak betearazleak direnak baino gehiago dira.
Azterketa berri honek eman dituen ondorio orokorrak txosten batean bildu ditu Kontseiluak eta ondorengo loruran irakur daitezke:
Udaletako hizkuntza politikaren azterketa 2015
Emaitza xeheagoak eskuratzeko edota bestelako ariketak egiteko (irizpide ezberdinen araberako bilaketak, alderaketak…) webgunean txertatutako aplikazioa erabil daiteke (beta bertsioan oraingoz):
www.kontseilua.eus/udal-neurketak
2006 urtean egin zuen Kontseiluak udaletan aplikatzen diren hizkuntza-politiken lehen azterketa, Euskal Herriko 66 herritan. Udalerririk populatuenak eta gune administratibo guztiak hartu ziren kontuan hautaketa egiteko. Bigarren neurketan kopurua handitu eta 119 izan ziren aztertutakoak. Oraingoa, hortaz, hirugarren azterketa da. Bi momentu desberdinetan egin dena, izan ere, ziklo politiko desberdinak ematen dira Ipar zein Hego Euskal Herriko udaletan. Ipar Euskal Herriko datuak aurkeztuta daude jada, beraz, oraingoan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrietakoak aurkeztu dira.
Ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasak tresna honen helburu nagusia udalei laguntzea dela aipatu du; izan ere, “ezinbestekoa da norberaren hizkuntza-politikaren nondik norakoak ezagutzea zertan asmatzen ari garen eta zertan hobetu behar dugun jakiteko”.
Hizkuntza-politika instituzio batentzat definitzen duten egiturazko elementuak aztertu ditugu: corpus juridikoa, plangintzak eta baliabideak. Aldaketak eman dira oraingoan aurreko bi azterketekin alderatuta; adibidez, “bai 2006an eta baita 2010ean bildutako datuek ere, nota bat eskaintzen dioten udalari. Aurten, notaren ideia baztertu dugu eta azpimarra udal bakoitzaren ezaugarrietan jarri dugu, esan du Lasak.
Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok eman ditu azterketak utzi dituen ondorio nagusien berri. “Hizkuntza-politika definitzen duten neurrien artean desoreka handia ikusten da. Orokorrean sustapenaren aldekoak, alegia izaera asistentziala dutenak betearazleak direnak baino gehiago dira. 2006an azterketa egiten hasi ginenetik etengabe errepikatu den gaia da hau. Horrek eragin zuzena da hainbat arlotan erabakiak hartzeko (edo ez hartzeko garaian). Izan ere, betearazleak diren neurriak ez hartzeak, arazoa betikotu egiten du. Kontratazioetaz ari garenean, edo hizkuntza irizpideak ezartzeaz orokorrean ari garenean eragina duten neurriak dira. Eta azkenean, izaera betearazlea ez duten arauak homilia bihurtzen dira, izaera eragilea ez duten neurrian”, esan du Bilbaok.
Alor sozioekonomikoan eskuratutako datuak bereziki kezkagarriak direla aipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak. “Udal askotan ez dago egitasmorik espazio sozioekonomikoa euskalduntzeko eta kasurik hoberenean dirua edo asistentzia, itzulpenak nagusiki, eskaintzera mugatzen dira. Arlo hau bereziki garrantzitsua da hizkuntza baten normalizazioan. Alde batetik, eguneroko bizitzan pertsonek arlo honetan ematen duten ordu kopuruagatik da garrantzitsua, baina ez hori bakarrik. Izaera estrategiakoa du espazioen euskalduntzean. Eta hizkuntza bat normalizatzeko, beharrezkoa da pertsonak euskalduntzeaz gain espazioak ere euskalduntzea”.
Euskararen udal ordenantzarik ez duten udalen kopurua aipatu du ondoren Bilbaok: “Harrigarria iruditu zaigu, bestalde oraindik ere ordenantzarik gabeko udalen kopurua”. Hori ulertzeko arrazoi edo motibazio desberdinak daudela ere azaldu du. “Alde batetik, Estatuen jardun politiko judizialak baldintzatu egiten du aurrera egin nahiko luketen udalen lana eta horiek beste bide batzuk urratzen saiatzen dira. Horien beste aldean, ordea, oraindik ere utzikeriaz jokatzen duten udalak ditugu, Bilbokoa, esate baterako”, gaineratu du.
Langile berrien kontratazioaren gaia ere aipatu du Kontseiluko eledunak. “Langileen kontratazioaren gaiak ere kezkatu gaitu. Izan ere, oraindik ere langile kontratatu berriak euskaldunak izateko erabakia ez da orokorra ezta unibertsala ere. Horrek eragin zuzena du motibazio pragmatikoetan eta ondorioz, gisa honetako erabakiak hartze hutsak bultzada handia eman lekioke euskararen normalizazioari”.
Azterketa hau, datu objektiboekin osatzen da eta hauek, herriz herri landa lana egiten jasotzen dira. Lan horretan aritu diren eta azterketa hau egitea posible egin duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie Kontseiluko idazkari nagusiak. “Eskertu nahi ditugu euskalgintzako boluntario, euskara teknikari eta euskaltzaleak oro har, haiek izan baitira landa lana egiten lagundu gaituztenak eta haiek gabe ezinezkoa litzateke horrelako lan bat egitea”, esan du.
Iruzkinik ez "Udaletako hizkuntza-politikaren azterketa berria: neurri betearazleak aplikatzen direnean emango da hizkuntza-politika egokia"